Ariane Unanue: "Elikaduran eta naturan eragiten dute erleek"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 22a, 12:14
Ariane Unanue Aretxabaletako erlezaina.

Ezti-batzea uztaileko lehenengo astean egingo du Ariane Unanue erlezainak. Ondoren, Lexargaratera eramango ditu erleak irailean egingo duen hurrengo bilketarako.

Erleek sortzen duten elikagai gozoa ekoizten bi urte daramatza Ariane Unanue aretxabaletarrak, eta, hain zuzen ere, kolore, zapore eta testura ezberdinak dituzten eztiak egiten ditu. Aurtengo loraldia asko aurreratu da, eta, eguraldia ez denez oso ona izan, produkzioan eragina izango du. Dena den, produktua batzeko gogoz dago. Hala ere, ez da bere helburua ezti kantitate handia lortzea, erleak zaintzen soilik gustura baitago, eta, kantitatea baino gehiago, kalitatea da lortu gura duena. Hala ere, urte hasieran aurreikusi baino ezti gutxiago jasoko duela gaineratu du. Eztiaz batera, propolia eta polen freskoa ere egiten du, Ezti-lur izenpean, eta ilusioz ari da.

Aretxabaletako Ezti-lur produktuak.

Laster iritsiko da eztia jasotzeko garaia, ezta?

Erleek hainbat loralditara jo dezakete; horren arabera, eztiak kolore, zapore eta testura ezberdina izango du. Udaberrikoa, esaterako, argiagoa izango da eta udazkenekoa, berriz, ilunagoa. Lehenengo biltzea uztaileko lehenengo astean egingo dugu. Egun batean ezti guztia atera, filtratu, eta gero, poteetan sartu. Bertatik aterako dugun eztia suabea izango da, milaloretik datorrena baita. Gero, erleak basora eramango ditugu, Lexargaratera. Hala, iraileko lehenengo astean beste bilketa bat egingo dugu, eta ezti hori txilarrarekin edo mielatoarekin osatuta dagoenez, ilunagoa aterako da.

Nola hasi zinen erlezain?

Erleekin aritzea ez da gustukoa izaten pertsona askorentzat, beldurra ematen baitie. Edozelan ere, nik neuk beti izan dut kuriositatea erleekin aritzeko, eta halaxe hasi nintzen. Erleekin egotea gustatzen zait, egunetik egunera erlauntzen aldaketa ikustea… Horrekin batera, erleek elikagaiekin, naturarekin eta ingurugiroarekin erlazio handia dute, eta hortik abiatuta hasi nintzen; gero etorri zen eztia egitearena. Etxean harritu egin ziren hasiera batean, baina unibertsitatean erlezaina zen irakasle bat izan nuen, eta berarekin asko hitz eginda eta, batez ere, mutil-lagunak animatuta hasi nintzen.

Zenbat erlauntz dituzu?

Aretxabaletan 25 erlauntz ditut, eta erlauntz bakoitzean 40.000 erle inguru egon daitezke, erreginaz eta erlamandoez gain. Aurten, loraldia aurreratu egin da, eta, horrenbestez, ikusiko dugu zenbat ezti batzen dugun. Edozelan ere, gainean egon behar duzu; bestela, erregina joan egiten baita, eta erlauntza ahuldu.

Hainbeste erleren artean, ziztadaren bat edo beste jasotakoa izango zara, duda barik, ezta?

Asko jaso ditut, bai; gorputz osoan zehar, eta baita aurpegian ere. Gorputzekoak ez dira nabariak izaten, baina aurpegikoak gehiago nabaritzen dira. Aritzen bazara, normala da ziztadaren bat edo beste jasotzea.

Liztor asiarren kaltea ere nabarituko zenuten.

Gure erleei kalteak eragiten dizkie liztor asiarrak, beraz, sortu ditzaketen kalteak gutxitzeko uda partean basora eramaten ditugu. Horrez gain, gainera, martxoaren bueltan tranpak jartzea komeni da liztor asiarren erreginak harrapatzeko. Erlea bioaniztasunerako ezinbesteko animalia da, eta ez digu, soilik, erlezainei kalte egiten, guztioi eragiten digu. Izan ere, kontsumitzen ditugun elikagaien herena erleek egiten duten lanarengatik dator…

Emaitzaren feedbacka jasoko zenuen herritarrengandik.

Hiru eztia mota batuko ditugu, erromeroarena, uztailean batuko dugun milalorearena, eta irailean batuko duguna, basokoa. Denbora gutxi daramat honetan, baina bertako eztia da, %100 naturala, eta probatu dutenek gustukoa izan dutela adierazi didate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak