Emozioak ikuspegi feministatik lantzeko hiru saio egingo dituzte martitzenean hasita

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 21a, 19:10

Nerea Redondo Otamendi 'coach'-a.

Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du ikastaroa herriko emakumeendako eta online izango da, Nerea Redondo Otamendi coach-ak gidatuta. Izena emateko epea zabalik dago domekara arte.

Osasun krisiak sortutako egoerari erantzun nahian, adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu du Udaleko Berdintasun Sailak, Nola kudeatu egoera indartsu mantenduz? izenarekin. Herriko emakumeei bideratu diete eta hiru saio egingo dituzte, martitzenetan (18:00-20:00): maiatzaren 26an eta ekainaren 2an eta 9an. Online izango dira horiek –Jitsi.meet plataformaren bidez– eta izena aurrez eman behar da mezu bat bidalita: berdintasuna@aretxabaleta.eus. Horretarako azken eguna domeka da, hilaren 24a. Izena emandakoei –Jitsi.meet plataformaren gida bat bidaliko diete saioetara arazo barik konektatzeko.

"Bizitzarako tresnak"

"Azken asteetan bizi dugun egoera berri honi aurre egiteko tresnak landuko dira", adierazi dute Berdintasun Sailetik, eta, horretarako, sentimenduei izenak jarri lehenengo, eta gero, horiek onartu eta kudeatzeko lan egingo dute: "Haserreak, beldurrak, segurtasun faltak eta tristurak, besteak beste, zer esaten diguten eta nola eraldatu horiek ikasiko da. Pedagogia feministatik abiatuta, bizitzarako tresnak indar ditzagun", gaineratu dute.

Nerea Redondo: "Emozioen kudeaketan egingo dugu lan emakume bezala erdigunean kokatuta"

Nerea Redondo Otamendi soziologo eta coach profesionala izango dute gidari horretan.

Adimen emozionala pedagogia feministatik landuko duzu…

Emozioak landuko ditugu, noski. Pentsatzen ditugun kontu horiek guztiak eta egiten ditugun guztiak erabat lotuta daude gure sentimendu edo emozioetara. Ikuspegi feminista batetik diogu konturatzen garelako emakumeak emakume izateagatik dagozkigunak edo jendarte eredu honek jartzen dizkigun hainbat ardurek, egiteko erek edo egiteko beharrek baldintzatu egiten gaituztela. Hortaz, bi bide horietan egingo dugu lan emozioen kudeaketan eta emakume bezala erdigunean kokatuta.

Azken hilabeteak bereziak izan dira; ezohiko egoera honek zeresana izan du emozioetan?

Martxoaren 14a arte, gure egunerokoan, emozioek eragina zuten bezala une berri honek sortu dizkigu errealitate ezberdinak eta aukera ezberdinak, eta gelditzeko balio izan digu. Zortzi aste egon gara geldi eta horrek egin duena da gure pentsamendua azeleratzea eta haztea. Baina ez dugu arretarik jarri gure sentimenduetan, eta hain zuzen horien arabera egiten edo pentsatzen dugu. Hortaz, fokua jarriko dugu sentimenduetan. 

Guk tresnak baditugu; era batean edo bestean, kudeatzen ditugu sentimenduak, batzuek gehiago beste batzuek gutxiago, gure baliabide eta garapen pertsonalaren arabera, baina orain arte baliatu izan ditugun sentimenduek eta funtzionatzeko erek ez digute balio. Gure emozioak ulertu, onartu eta kudeatzeko tresna berriak behar ditugu orain.

Sentimenduak kanporatzea sarritan kosta egiten da; euskaldunek hotzak diren fama ere badute...

Euskaldunoi jartzen zaigun titulu horrekin ez nago batere ados. Pertsona bakoitza ezberdina da, eta bizitzako une bakoitzean ezberdin funtzionatzen du. Hortaz, orokortasun edo epaiketa horiek desmuntatu egiten ditugu gutik hasita. Ez da euskaldunak garelako, baliabiderik ez dugulako baizik. Ez zaigu erakusten hizkuntza emozionala, ez zaigu ematen emozio horiek identifikatzeko abileziarik eta askoz gutxiago, emozio guztiak esistitzen direla eta sentitzen ditugula onartzeko biderik. Normalean ez dugu haserrea sentitu nahi, tristura sentitu nahi, antsietatea sentitu nahi, bai, baina abisuak jasotzen ditut, eta abisu horiei kasu egin behar diegu, eta onartu eta kudeatu egin behar ditugu. Entrenamendu falta ikaragarria dugu eta ikastaroetan hori ere egiten dugu, entrenatu, praktikatu, saiatu... Gauzak berdin egiten baditugu, emaitza izango da berdina; gauzak ezberdin egiten baditugu...

Hiru saioko ikastaroa da, zein izango da dinamika?

Ikastaro praktikoa izango da. Hausnartu egingo dugu, banaka zein taldean, baina beti ere epaiketa saihestuz. Lehen helburua da kontzientzia hartzea. Eta nola egiten ditugun horretatik abiatuta, bigarren eta hirugarren saioetan egin daitezkeen gauzak edo erak ezagutuko ditugu. Bakoitzak, bere egoeraren edo gaiaren arabera, praktikara eroateko tresna garatuko du astetik astera.

Online egin beharrak baldintzatuko ditu saioak?

Egia da ezberdina izango dela, baina egia da egungo egoerak aukera hori ematen digula. Martxoaren 12an galdetuz gero ez nindoala egitera esango nukeen baina hilabete eta erdi daramat saioak egiten eta oso emaitza interesgarriak, aberasgarriak eta pozgarriak dabil ematen. Nik probatzera gonbidatzen ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak