Zaborrari dagokionez, hiruhileko kuota heren batean jarri dute. Horrela, geratzen diren hiru hiruhilekoetan bakarra kobratuko diete –nahiz eta hiru zatitan banatuta izan–.
Uraren kasuan, komertzio gehienetan ur kontsumoa oso baxua dela zioen Unai Elkoro alkateak; horregatik, minimoa 30 metro kubiko izan beharrean bat izatea onartu zuten. Ostalaritza zerbitzuei dagokienez ere minimoa metro kubiko bat izango da. Alkateak zera argitu zuen: "Badaude kontsumo handia dutenak, eta ura debalde uztea ez da komenigarria ikusi, ekonomikoki laguntzeak ez du izan behar ur kontsumoa ez zaintzeko aitzakia". Etxebizitzei ezarritako prezioa izango dute merkatariek zein ostalariek. Hirugarrenik, terrazen tasa bertan behera uztea erabaki zuten hemendik eta urtea bukatu artean. Azken tasa horren harira EH Bilduko Ion Albizuk aipatu zuen tasa hori "injustua" dela zenbaitendako, eta gainbegiratzeko eskatuta dutela.
Udalbatzako kide guztiak bat etorri ziren aldaketak onartzerakoan.
Aurrekontuari "gertuko jarraipena"
Albizuk adierazi zuen Udalak erabaki asko hartu dituela Udalak azken bi hilabeteotan, batzuk kontsentsuz eta beste batzuk ez, baina garrantzitsuena egoera honetatik ateratzea dela. Horregatik erakundeen arteko "adostasuna" beharko dela gaineratu zuen. Unai Elkoro alkateak jakitera eman zuen Aldunditik dagoeneko abisatu zietela apirilean zerga bilketa metatua %24,4 murriztu dela eta ondorioz, urte "zaila" izango dela: "Inoren gustuko ez diren erabakiak ere hartu beharko ditugu, seguru asko".
Bestetik, gerakinetik 300.000 euro kreditu globalera pasatzea onartu zuten, besteak beste, bonuen kanpainarako. EH Bilduren bozeramaileak esan zuen gastuan "zuhurrak" izatea komeni dela, baina era berean "ekonomia mobilizatzea" garrantzitsua dela. Eta bi lehentasun azpimarratu zituen: zaintza eta klima aldaketa. Aurrekontua egokitzeko unea iritsiko dela ere aipatu zuen. Alkateak erantzun zion aurtengo aurrekontuari "gertuko jarraipena" egingo diotela, baita hurrengo urtekoari ere ildo beretik joango delako.
Osoko bilkurak online
Joan den eguaztenekoa online egindako lehenengo osoko bilkura izan zen, eta Udalaren asmoa da streaming bidez botatzea hurrengoak –hala egiten jarraituz gero–. Albizuk proposatu zuen galderen eta eskaeren txanda herritarrei ere zabaltzea.