Kevin Santiago: "Herritarrekin gertuko tratua dut gustuko"

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 16a, 11:00

Kevin Santiago, udaletxean, udaltzainek duten bulegoan.

Galdakoztarra da eta Aretxabaletako udaltzainen taldea osatuko du praktikaldia bukatzen duenean, udazkenen inguruan; bien bitartean laguntzen eta ikasten dihardu.

Enpresa kudeaketa ikasketak egin zituen eta marketin eta giza baliabideetan jantzi zen. Auditore lanetan jardun zuen Iberdrolan ia hiru urtez, baina, gustuko ez, eta polizia izateko oposizioak gertatu zituen. Alarma egoera ezarri zenean, Arkauten zegoen prestakuntza jasotzen, eta, hori aldi baterako eten behar izan zutenez, polizia zerbitzuak indartzera bidali zuten, beste hainbat legez. Martxoaren 23an iritsi zen Aretxabaletara, itxialdi bete-betean, eta ordutik dabil ikasten eta eguneroko lanetan laguntzen.

Zeintzuk izan dira zure eginbeharrak Aretxabaletara iritsi zarenean?

Praktikaldian nago, baina edozein udaltzainek dituen eginbeharrak betetzen nabil: herriko gorabeherak zaindu, osasun neurriak betetzen direla adi egon, herritarrei arauen berri eman, eta, orokorrean, lagundu. Izan ere, arauak egun batetik bestera aldatzen dituzte, eta, askotan, herritarrak galduta daude, normala den moduan.

Esku-hartze asko egin behar izan dituzue egunotan?

Bai, noski. Isun asko jarri beharrik ez dugu izan, herritarrek, orokorrean, errespetatzen dituztelako ezarritako arauak, baina batzuk bai. Burugogorrak edonon daude eta ez da adin multzo baten kontua, baina, une honetan, arauak malgutzen hasi direnean, gazteak gehiago lasaitu direla esango nuke eta neurriak gogorarazi egin behar dizkiegu.

Aretxabaletarrek zelan hartu zaituzte?

Oso ondo, oso pozik nabil. Sorpresa handia hartu nuen Gipuzkoara etorri eta bizkaieraz egiten duzuela berba entzundakoan... Ez nuen halakorik espero! Oso jatorrak eta eskuzabalak izan dira nirekin herritarrak, eta oso gustura sentitu naiz lehen hilabeteotan.

Ikusmina piztu duzu; sentitu dituzu begiradak balkoietatik?

Bai; gainera, galdera asko egin dizkidate kalean: "Zu zara bizkaitarra? Seguru asko Athleticzalea izango zara, jo...". Ez dut kexarik, oso ondo hartu naute.

Zerbaitek eman dizu atentzioa?

Aretxabaleta inguruak, ederra da gero! Urkulu urtegia eta baserri-auzoak: Galartza... Naturazalea naiz, mendizalea ere bai, eta inguru zoragarria daukazue.

Aretxabaletaren aldean handia da Galdakao, a ze saltoa!

Bai, bai, baina neure hautua izan da hona etortzea. Herri txikiak, euskaldunak eta lasaiak ditut gustuko eta nituen aukeren artean hautatu nuen. Herri txikietan hurbileko tratua dago herritarrekin; hiriburuetan, ostera, hotzagoa izaten da tratu hori. Nik laguntzea dut gustuko eta horretarako harreman estua eta gertukoa izatea komeni da.

Ritxi BriÒasekin osatu duzu bikote eta bera dabil erakusten; gomendiorik eman dizu?

Bai, bera dut tutore eta aholku asko eman dizkit. Baina badago bat oso garrantzitsua, aurretik ere banekiena baina orain bizitzen ari naizena, eta da halako herri txikietan "ezkerreko eskuarekin" jokatu behar dela. Hau da, arauak betearazterakoan ez dagoela hain zorrotza izan beharrik; inposatu egin beharrean herritarrei azaldu egin behar zaizkie kontuak, eta ulertarazi. Lehenengotik ez dago isunik jarri beharrik, abisuak eman eta erakutsi zein arau-hauste edo kalte egiten dabilen, horrela ikasi egingo dute eta. Hori dela modurik onena lan egiteko uste dut.

Noiz itzuliko zara Arkautera?

Laster hasiko dira prestakuntzak Arkauten, baina ni iraila arte ez naiz joango, talde txikitan itzuliko garelako. Trebakuntza bukatzeko geratzen zaizkidan bi hilabeteak beteko ditut orduan, eta ondoren bueltan izango naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak