Egungo krisiak "galera ekonomiko handiak" ekarriko dituela, baita erakunde publikoen diru-sarreretan ere, jakinekoa dela adierazi dute. Baina egoerari aurre egiteko modu ezberdinak daudela diote: "Hor daude prentsa bidez udalei alde bakarreko erabakien berri ematea, edo, denon artean adostasunaren baitan erabakiak hartzea. Zoritxarrez lehenengo bidetik joan da Aldundia".
Herritarren ongizatea bermatzeko eta herriaren erronkei aurre egiteko "ezinbestekoa" dela erakunde publikoen ahalmen ekonomikoa mantentzea uste dute EH Bilduko kideek: "Horregatik ezin da murrizketa basatien bide bakarreko ibilbidean berriro erori". Ildo horretatik, "erabaki bateratuak" behar direla gaineratu dute, erakundeen arteko adostasun eta elkarlana bultzatuta: "Enplegua sustatu, zaintza sistemak indartu eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko proiektu estrategikoak bermatu behar ditugu; baita Udalak bultzatutakoak ere".
Baliabide gehiago behar direla krisi honi aurre egiteko adierazi dute eta, ezinbestekotzat jo dituzte erreforma fiskala egitea eta hainbat makro proiekturen eztabaida publikoa: "Ezin da AHT edo errauskailua moduko makro proiektuentzako dirua egon eta herrietan hain beharrezkoak diren proiektuentzako, berriz, ez. Ez gaitezen beste garai bateko tranpetan erori, bermatu ditzagun gure zerbitzu publikoak".