Merkataritza pizteko ia 1.000 bonu hilero

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 15a, 07:30

Herriko denda eta ostalaritza zerbitzuetan gastatzeko bonuak jarriko ditu salgai Udalak datorren astelehenean, eta Arkupera jo beharko da erostera; hamarreko taloitegiak izango dira eta horien balioa, 50 euro batzuek eta 5 euro besteek.

Herriko dendetan, ostalaritzan eta negozio txikietan kontsumoa sustatzeko helburua duen bonu kanpaina jarri du abian Udalak. Maiatzaren 18an, astelehena, hasi eta abendura bitartean 950 bonu jarriko ditu herritarren eskura hilero –abuztuan izan ezik–.

Bi taloitegi mota

Arkupera jo beharko dute herritarrek bonuak erostera –09:00-13:00 eta 17:00-20:00–. Bi sorta edo taloitegi mota egongo dira eskuragai: batetik, 5 euroko hamar bonu dituztenak, eta herritarrek 35 euro ordainduko dute hori –Udalak 15 euro jarrita–; eta bestetik, 50 zentimoko hamar bonu dituztenak. Azken horiek 16 urtetik beherakoendako izango dira eta 3,5 eurorekin erosi ahal izango dute. Guztira, 650 taloitegi aterako dituzte 50 eurokoak, eta 300, 5 eurokoak.

Asmoa da hilabete hasieran jartzea salgai. Lehenengo hamabostaldian, pertsona bakoitzeko taloitegi bateko muga ezarriko dute; bigarren hamabostalditik aurrera eta soberan geratzen badira, gehiago erosteko aukera egongo da. Bonuen iraungitze epea, ostera, bi hilabetekoa izango da.

Ekimena herriko negozio guztiei dagoela bideratuta adierazi dute Udaletik: arropa dendak, ile-apaindegiak, tabernak, jatetxeak, gozoki dendak, fisioterapia zentroak, akademiak…. Eta establezimenduak izango dira bonu-sistema horretara doan atxiki ahal izango direnak.

Tokiko kontsumoa "bultzatzea"

Hemengaz! ekimenaren baitako kanpaina da abian jarritakoa, eta "230.000 euro inguruko eragin ekonomikoa sortzea" aurreikusten dute. Udalak bonu horien%30 diruz lagunduko du, 70.000 euro inguru jarrita. Osasun krisiak eragindako geldialdiaren ostean, jarduera ekonomikoa suspertzeko martxan jarritako neurrietako bat da, hain zuzen ere; Unai Elkoro alkateak "lehentasunezkotzat" jo du tokiko kontsumoa bultzatzea eta dinamizatzea: "Pultsu ekonomikoa suspertu eta gure merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko".

Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu, tasak murriztu esaterako. Bestetik, kaleko giroa berpizteko 20.000 euro gehiago bideratuko dituela iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak