Terrazak handitzeko aukera eskaini die Udalak tabernariei

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 8a, 12:06

Durana kalean dagoen Danona tabernako aulkiak zain terraza gertatzeko.

Herriko hamahiru bat tabernak ateak irekiko dituzte astelehenean, zerbitzua terrazetan emateko baldintza beteta. Beste batzuek zalantza asko dituzte eta ez dute erabakirik hartu, oraingoz, eta hilaren 25a arte itxoingo duenik ere badago.

Ateak irekitze unerako gertatzen hasi dira herriko tabernak eta jatetxeak. Horretarako aukera izango dute datorren astelehenean, hilaren 11n, terrazetan zerbitzatzea erabakiz gero. Eta hori aprobetxatuko dute herriko hamahiru batek; hona hemen astelehenean ateak irekitzea erabaki dutenak: Bedarreta, Exprex, Orly, Buket, Danona, Iosu, Ogiberri, Arlutz, Izartu, Aretxabaleta okindegia, Atseden, Azkena taberna eta Anduaga jatetxea.

Terrazak handitzea aztergai

Oraindik erabakirik hartu ez duten hainbat ostalaritza zerbitzu daudela adierazi du Nerian Perezek, Aretxarte merkatarien elkarteko zuzendaritzako kideak eta Dagda tabernako ugazabak: "Langileak ERTEan izanez gero zer gertatuko den laguntzekin eta beste hainbat kezka dituzte, eta horiek argitu ahala zabalduko dute". Beste batzuek, ostera, maiatzaren 25a arte itxita izatea erabaki dute. "Nik ez ditut irekiko ateak, oraingoz. Terrazak eguraldiaren menpe ere badaude eta...", adierazi du Perezek.

Astelehenean abian jarriko den lehenengo fasean, terrazak %50 bete ahal izango dira. Hori jakinik, Udalak erabaki du tabernariei terraza horiek handitzeko aukera eskaintzea. "Lurraren erabilpena erraztu gura dugu; betiere, baldintzak beteta", adierazi du Unai Elkoro alkateak eta gaineratu, dagoeneko agertu dutela interesa batzuek: "Hirigintza Sailekoak jarriko dira horiekin harremanetan, zein aukera dituzten aztertzeko eta proposamenik egokiena egiteko". Interesa duen beste tabernariren bat egonez gero udaletxera jotzeko eskatu du.

Hainbat jatetxe ere zabalik

Herriko hainbat jatetxek etxerako zerbitzua eskaini dute azken asteotan; Atsedenek eta Buketek, esaterako. Horiek, orain, ateak zabalduko dituzte, baita Anduaga jatetxeak ere. Bertara joan ahal izango dira bezeroak enkarguak jasotzera eta jarritako terrazetan kontsumitzera.

Basabe jatetxeak, ostera, hainbat enpresatako langileendako gertatu ditu bazkariak azken asteotan, eta hala jarraituko duela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak