Aretxabaleta kirol elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek jakinarazi diete elkartea osatzen duten kirolariei, entrenatzaileei, gurasoei eta bazkide guztiei 2019-2020 denboraldia bukatutzat eman dutela kirol jarduerei dagokienez; eta horren arrazoia da koronabirusak eragindako krisia. "COVID-19 gaitza dela-eta bizitzen ari garen alarma egoera honek kirolean ere eragin zuzena izan du, eta, ondorioz, baita UDAn ere", adierazi dute ohar bidez.
UDAk hainbat sail batzen ditu –futbola, areto futbola, karatea, gimnasia erritmikoa eta pilota–, eta, bakoitzak dituen berezitasunak kontuan izanik, hartutako neurrien gaineko argibide zehatzak jasoko dituztela adierazi dute.
Eskerrak ere eman gura izan dizkiete egunotan bidelagun izan dituztenei: "Eskerrik asko bide zail honetan gure ondoan egoteagatik; horrek lanean jarraitzeko indarra ematen digu, inoiz baino ilusio eta gogo handiagoarekin".