Jarduera presentziala ezinezkoa den egoera honetan Leizarrako irakasleek "ahalegin eta esfortzu guztia" egiten dabiltzala musika hezkuntza egokia eman ahal izateko adierazi du musika eskolako zuzendaritza batzordeak. "Ahalegin desberdinak eginez erantzunik onena bilatzen saiatu gara eskaintzen ditugun irakasgai ezberdinen aurrean, hizkuntza musikala, instrumentu, kantu, dantza, talde instrumentala eta abesbatzan", adierazi dute ohar bidez. Eta onartu dute azken horietan, taldean egiten diren ekintzak izanik, "zailtasun handiagoak" dituztela modu birtual batean irakasgaiak behar bezala emateko.
Era berean, familien inplikazioa txalotu eta eskertu gura izan dute: "Ezinbestekoak direlako hezkuntza musika formula berri honek arrakasta izan dezan".
Egoera "leuntzeko" erabakiak
Koronabirusak eragin duen egoera "zail eta gogor" honek guztiengan duela eragina jakinik hori "leuntzeko" asmoz hainbat erabaki hartu ditu zuzendaritza batzordeak, kuotei dagozkien erabakiak, besteak beste. Hala, edozein bazkide-familiak zailtasunak izanez gero zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute "egoerari erantzunik egokiena emateko".
Eskola osatzen duten kide guztiek "orain arte erakutsitako inplikazio eta konpromisoarekin" jarraituko dutela lanean gaineratu dute.
Haur Dantzarien Egunik ez
Bestalde, musika eskolak jakitera eman du maiatzean eskaini izan dituzten dantza emanaldiak, Otala Zelai Egunean eta Haur Dantzarien Egunean –maiatzeko azken domekan– ez direla egingo aurten.