Etxez etxeko langileei ere testak egitea eskatu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 23a, 10:51

Langile bat adineko bat zaintzen. Argazkia: truthseeker08

Adinekoen egoitzatan lan egiten dutenei testak egiten hasi diren moduan etxez etxeko zerbitzua ematen dutenei ere egiteko eskatu du Aretxabaletako EH Bilduk. Era berean, langile horiei guztiei eskerrak eman gura izan dizkie egiten dabiltzan "esfortzuagatik".

"Birus honek gure bizitzetan lekua hartu duenetik, garbi ikusten ari gara gure adinekoen zaintza zein garrantzitsua den, berdin etxean zein egoitzatan", adierazi dute EH Bilduko kideek. Horregatik, oso eskertuta agertu dira horiek zaintzen dihardutenekin: "Jakin badakigu, etxez etxeko zerbitzuetatik hasi eta adinduen egoitzetaraino lan egiten duten behargin guztiek beraien onena eman dutela hilabete luze honetan, eta ematen jarraitzen duzuela". 

Ildo horretatik, begi onez ikusi dute Aretxabaletako egoitzan langileei testak egiten hasi izana, baina etxez etxeko langileei ere egitea eskatu dute: "Haiek ere  baldintza egokietan egin dezaten lan behar duten segurtasuna eskaini behar diegu. Etxean dauden adinekoek ere ondo zainduak izatea merezi dutelako".

Gaineratu dute, une honetan segurtasunez lan egin ahal izateko materiala jasotzen ari direla egoitzetako zein etxeetako langileak: "Hala ere, ez da nahikoa ganoraz lan egiteko eta ondo erantzuteko".

Senideren bat galdu dutenak ere gogoan izan dituzte: "Familiako kideren bat galdu duten horiei, gure saminik beroena luzatzen diegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak