Zerbitzu publikoak eustearen alde agertu da EH Bildu Udal aurrekontua egokitzerakoan

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 21a, 18:11

"Une delikatu" honetan jendea babestea eta enplegu duina sortzea izan behar direla lehentasunak uste du EH Bilduk. Eta "herritarren zaintza iparrorratz hartuta", 2020ko Udalaren aurrekontua egokitzerakoan zeintzuk izango diren taldearen "printzipioak" zehaztu dituzte, lau hain zuzen ere.

"Bizitzen ari garen momentua delikatua da, bai osasunari dagokionez eta baita ekonomiari dagokionez ere", diote eta gaineratu dute: "Herritarrak babestea eta enplegu duina sortzea izan behar dira gure lehentasunak". Hori argi izanik, hurrengo hilabeteetarako oinarriak zehaztu dituzte egunotan online egin duten bileran: "Eta seguru gaude guztiok bide berdinean arraun egingo dugula".

2020rako Udalak onartutako aurrekontua egokitu beharra izango dela badakite, eta hori egiterakoan zeintzuk izango diren EH Bilduren "zutabeak" adierazi dute. Batetik, aurrekontuari eutsi; horretarako proposatu dute "Udal gobernuak aurreratu duen ildotik", Udalak aurreratuta duen dirua sarreren galerak konpentsatzeko erabiltzea: "Gure gastuei aurre egiteko baldintzatan gaudela uste dugu: enpleguari eutsi, eta beharrezko ez diren gastuetan zorrotz jokatu".

Bestetik, "estrategikoak diren inbertsioei" eutsi gura diete, eta ezinbestean mantendu beharrekoak bi direla esan dute: aldaketa klimatikoari aurre egiteko direnak eta zaintzarekin zerikusia dutenak. "Bizi dugun krisian, gure zerbitzu publikoak dira gure bizitzak sostengatzen dituztenak. Beraz, ezin diegu gure ongizatea bermatuko dituzten inbertsioei bizkarra eman".

Hirugarrenik, egoerari aurre egiteko funts bat bideratu gura dute, gizarte zerbitzuen kasuan eta enpleguari dagokionean. Eta azkenik, inbertsio batzuk atzeratzea proposatu dute: "Esfortzu honetan inbertsio batzuk hurrengo urte arte itxaron beharko dutela uste dugu, egoera honen bilakaera zein den ikusi arte. Zentzu berean, gastuak optimizatzeko ahalegina egin beharko dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak