"Herri bizi bat bertako merkatariek eta biztanleek egiten dutela sinetsita gaude, hau da, gure erabakiek eragina dute Aretxabaleta bizi bat izaten ala bizitasunik gabeko herri bat bihurtzen", jakinarazi dute Hemegaz! ekimenaren bultzatzaileek prentsa-ohar bidez. Horregatik, hain zuzen jarri dute abian ekimen hori, "Aretxabaleta bizi bat izateko helburuarekin", jakinik hilabete pasako itxialdiak gogor eragin diela saltokiak itxi beharrean izan diren merkatariei eta ostalariei.
Ekimenaren atzean daudenek –AZ Taldea eta Udala; Aretxarte, herriko ostalariak eta autonomoak; Ekaitz Zilarmendi; AZK,; eta herriko eragileak eta kultur eta kirol taldeak, besteak beste– adierazi dute kanpainak helburu zehatza duela: "Aretxabaletarrek Aretxabaletan kontsumitzea; bertakoa, gertukoa, gurea dena". Koronabirusaren krisiak elkartasunaren garrantzia azaleratu duela azpimarratu dute, eta, hori, esparru guztietara eraman behar dela diote, baita merkataritzara ere: "Gure kontsumo ohituren inguruan hausnartzeko bide eman digu krisiak. Uste dugu, une ezin hobea dela esparru horretan genituen ohitura txarrak albo batera uzteko". Eta herrian kontsumitzea errazagoa izan dadin, webgunea jarri dute martxan: hemengaz.eus.
Aldez aurreko erosketa
Hemengaz.eus webgunearen bitartez itxita dauden saltokietan edo ostalaritza zerbitzuetan kontsumitzeko aukera dago; hala, krisi egoerak sortutako kaltea arintzen laguntzea horri da asmoa. Gastatu gura den kopurua eta ordaintzeko modua –bizum edo trasferentzia bidez– norberak aukeratzen du, eta ondoren, denda edo zerbitzuak irekitzen direnean kontsumitu ahal izango du. Edozein argibide eskatzeko helbidea ere jarri dute: kaixo@hemengaz.eus.
#Hemengaz! spot grabaketa
Umorea eta positibismoa ditu lagun AZ Taldeak, eta hala erakutsi dute itxialdiko zapatu guztiak girotzeko egindako ekitaldiekin. Ildo horretatik, antolatu dute Hemengaz! ekimenaren berri emango duen spota grabaketa ere. Gaur, apirilak 15, 16:30an hasita, auzorik auzo pasatuko dira herritarrak balkoietan grabatzera eta argazkiak ateratzera: "AZ Taldekoek zuen balkoiak atontzera eta apirilaren 15ean balkoietan festa egitera eta herriko merkatari eta ostalariei elkartasuna adieraztera animatu nahi zaituztegu!".