"Adineko pertsonen osasun fisiko eta emozionala lantzeko asmoz", Adinberri saioa abiaraziko du ETB1 kateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioaren bitartez. Bada, adineko pertsonei ariketa fisikoa eta meditazioa egiten laguntzeko saioa izango da; pertso horien ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko asmoz.
Ariketa fisikoa eta meditazioa
Apirilaren 14tik aurrera egongo da ikusgai saioa ETB1en eta eitb.eus-en, astelehenetik ostiralera, 11:00etan. Bi zatitan banatuta, ordu erdiko iraupena izango du saioak: Ariketa fisikoko saioak Iñigo Vincens-ek gidatuko ditu, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Athlon S.Coop-eko aditu talde batek ariketa horiek landu ostean. Behin ariketa fisikoa eginda, meditazioari zuzendutako espazio bat egongo da. Baraka Psikologia Integral Institutuko aditu talde batek sortu ditu saioak eta Zuriñe Hidalgok gidatuko ditu.
Debagoiendar ugari
Debagoieneko hainbat entitatek hartu dute parte saioaren ekoizpenean. Hain zuzen ere, AZK-ko lan talde bat arduratu da saioaren gidaritza, produkzio, gidoi eta promozio lanak egiteaz, Arteman S.Coop-ekin elkarlanean. Horiez gain, ariketa fisikoko edukiak Athlon S Coop-eko aditu taldeak prestatu ditu. Grabazioak ere Aretxabaletan egin dituzte, kiroldegian. Jakinarazi dutenez, grabazioen segurtasuna bermatzeko, Aretxabaletako Udalak garbiketa lanak egin ditu kiroldegian eta prebentzio neurri guztiak hartu direla bermatu.