Garikoitz Iturbe: "Bueltatzeko geundela, tentsio uneak izan ziren"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 10a, 17:30

Garikoitz Iturbe eta Larraitz Arando, Inder eta Euri semeekin, Argentinan.

Argentinara bidaian joan arren, aurreikusi baino lehenago bueltatu behar izan dute Garikoitz Iturbe aretxabaletarrak eta familiakoek, alarma egoeragatik.

Garikoitz Iturbe eta Larraitz Arando bidaian izan dira Argentinan, Inder eta Euri semeekin batera, baina, alarma egoerarengatik, apirilaren 3an bueltatu beharrean martxoaren 20an bueltatu behar izan dute, egoera zein zen ikusita. Edozelan ere, azken uneko tentsio egunak kenduta, sentsazio onekin bueltatu direla adierazi du Garikoitz Iturbek.

Zertan izan zarete Argentinan?

Larraitzek praktikaldia egin beharra zeukan Patagoniako zona bateko ikastetxe batean, eta egonaldiaren zati bat aisialdirako aprobetxatu nahi genuen; beraz, familian joatea erabaki genuen, hango lekuak ikusteaz batera han bertan ditugun lagunekin egoteko… Buenos Aires, Iguazu, Ushuaia, Patagoniako mendi-inguruak… eman digu denbora bidaiaz gozatzeko.

Argentinaz disfrutatu ostean, noiz eta nola erabaki zenuten hona bueltatzea?

Martxoaren erdialdera, etxetik ez irteteko gomendioa zegoen emanda, baina alarma egoera ezarri gabe zegoen. Europatik zetozen albisteak ere ez ziren onak, eta Huhezi Unibertsitatetik Larraitzi bueltatzeko eskatu zioten. Hala ere, apirilaren 3an genuen bidaia bertan behera geratu zitzaigunez, Euskal Herrira bueltatzeko bidaiak begira hasi ginen. Martxoaren 17an, Buenos Airesetik Madrilera zegoen zuzeneko azken hegaldira ez ginen iristen, Patagonian geundelako; beraz, beste hegaldi bat bilatu behar izan genuen. Hala, Brasilen –Sao Paulo– eskala egiten zuen Air China konpainiaren hegaldi bat topatu genuen martxoaren 19an, handik Madrilera zihoana, eta horixe hartu genuen.

Urduritasun momentuak, beraz?

Batez ere, checking momentuan bizi izan genituen tentsio uneak: informazio ugari iristen zitzaigun, txinatarrak goitik behera segurtasun neurri itzelekin jantzita zeuden, maskarak eman zizkiguten, eta sukarra bi orduan behin hartzen ziguten… Horrekin batera, beldur pixka bat ere bageneukan; izan ere, Argentinan geratu izan bagina, bagenuen babesa, lagunak genituen han, eta haien etxean geratu gintezkeen, baina Brasilen, Sao Paulon geratzeko beldurra geneukan. Izan ere, ziurgabetasuna geneukan hara iristean zer gertatuko zen… Hala ere, hegaldia egin, eta hurrengo egunean ezarri zen Argentinan alarma egoera.

Bidaia osotasunean egin gabe, ondo aprobetxatuta, ezta?

Bidaiaren azken txanpan, gauza batzuk egin barik utzi ditugu, lagunak agurtu barik joan behar izan genuen… Hala ere, etxekoengandik gertu egon nahi genuen, eta ez zeukan zentzurik han geratzeak. Hala ere, bidaia ederra izan da, oso ondo aritu gara, eta bueltatuko gara aurrerago lagunak agurtzera…

Bidaian zehar grabatutako irudiekin egindako bideoa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak