Hainbat jarduerarentzat laguntzak iragarri dituzte

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 3a, 19:07

Hainbat saltoki itxita Mitarte kalean.

Merkataritzari, ostalaritzari eta jarduera profesionalei bideratu dizkie Udalak; horrez gain, hilero mila bonu aterako ditu herriko saltokietan erabiltzeko. Era berean, iragarri dute kiroldegiko tasak ez dituztela kobratuko zerbitzua etenda dagoen bitartean.

Koronabirusak sortutako krisiaren ondorioak larriak izan daitezke hainbat jarduerarentzat, eta, hain zuzen, Aretxarte merkatarien elkartea oso kezkatuta agertu da azken asteotan. Horren jakitun dira udal ordezkariak eta hainbat neurri ekonomiko jarriko dituzte martxan, egoera arintzeko asmoarekin.

Hala, herriko saltoki txikiei, ostalaritzari eta profesional liberalei zuzenduta, bi laguntza lerro sortu ditu Udalak, eta horretarako 130.000 euroko diru-partida bideratuko dira.

Unai Elkoro alkateak azaldu du zertarako izango den neurri sorta hori: "Diru sarrera faltak eragindako kaltea arintzeko tasak murriztea jasotzen du, eta baita hainbat laguntza ere konfinamendu egoera amaitu ondoren herrian jarduera sustatzeko helburuarekin".

Prezio ezberdinetako bonuak

Hartuko dituzten neurriak honako hauek dira: batetik, terrazen urteko tasa ez diete kobratuko ostalariei, eta itzulketa eskatu ahal izango dute dagoeneko ordainduta dagoen kasuetan. Udaletik adierazi dute horiek jartzeko mahai eta gune kopurua arautuko dutela.

Eta bestetik, negozioa itxi beharrean izan diren merkataritza, ostalaritza eta bestelako jarduera profesionalei uraren eta zaborraren tasak etengo dizkiete 2020ko lehen sei hilabeteetan. Jarduerarekin jarraitu ahal izan duten negozioek, ostera, uraren eta zaborraren tasen %50 ordainduko dute.

Horiez gain, jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoarekin, Udalak bonu sistema bat jarriko du martxan, horretarako hilean 10.000 euroko inbertsioa eginda. Alarma egoera bukatzen denean hasi eta urtea amaitu arte –abuztua izan ezik–, mila bonu jarriko dituzte hilero herritarren eskura, eta horiek herriko denda, taberna eta zerbitzuetan gastatu ahal izango dira; bi hilabeteko iraungitze data izango dute. Erabiliko duten formula izango da Gabonetan ateratzen diren bonuen bera: Udalak diru kopuru bat jartzen du, erosleak bonua kopuru jakin baten truke erosi ondoren doan jasotzen duena. Udalaren asmoa da prezio ezberdinetako bonuak sortzea, sektore guztiei laguntzeko.

Ekimen horren bidez, Aretxabaletan 180.000 euro inguruko gastua sortzea aurreikusi dute: "60.000 euro Udalak jarriko ditu eta gainerakoa bonua erosi dutenen eskutik etorriko da, herriko establezimenduetan egingo duten gastuarekin".

Horrez gain, kale animazioari bideratutako diru partida 20.000 euro handituko dutela iragarri dute, kaleetan "giroa sortzeko" asmoarekin.

Kiroldegiko tasak deskontatu

Udalak hartutako neurrien artean dago "malgutasun handiagoa" eskaintzea Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga ordaintzeko orduan, baita uraren eta zaborraren tasetan ere. Ordaintzeko epea azaroaren 30a arte luzatuko dute, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte: Covid-19ren ondorioz jarduera profesionala eten izana, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteak (ERTE) eragindako langileak edo langabeak izatea. Ez dute errekargurik kobratuko itzultzea eskatzen bada dagoeneko ordaindu beharreko eta helbideratutako ordainagiriak.

Bestalde, apiriletik aurrera, eta alarma egoerak irauten duen bitartean, Ibarra kiroldegiko erabiltzaileek –abonatuak zein ikastaroetan dabiltzanak– ez dituztela tasak ordainduko jakinarazi dute. Martxoa dagoeneko kobratuta dago, baina kiroldegia berriro ireki ondoren, martxoko kuotaren zati proportzionala deskontatuko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak