Traba guztiak gaindituta, Huhezinemak arrakasta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko api. 3a, 12:42

Pello Gutierrez, Paul Urkijo eta Josemi Beltran epaimahaikideak Iban del Camporekin sariak erabakitzeko bileran. Argazkia: Huhezinema

Hiru egunean 1.625 bisita izan dituzte Twitch plataformako kanalean; June Lakaren Kresala filmak irabazi zuen goiena saria, Mundukideren saria El infierno-k, Iñaki tenarentzako ikusleen eta Vertigo sariak eta La Horrorosa izenekoa Mikel Carrillok.

Hamahirugarren Huhezinema jaialdia bukatu berritan, buru-belarri ari dira ordainketak, prentsa dosierra eta bestelako lanak egiten, eta maiatz-ekain inguruan Arkupen jaialdia egiteko asmoa azaldu du antolaketa taldeko Iban del Campo irakasleak: "Ekitaldi presentzial batekin borobiltzea gustatuko litzaiguke. Film emanaldia eta luntxa Arkupen, ohi moduan, zuzendariekin eta publikoarekin".

Sentsazio gazi-gozoak dituztela diote antolatzaileek: "Gazia, ezin izan dugulako betiko formatuan egin; eta gozoa, irudimen, lan eta ahalegin handiarekin aurrera ateratzea lortu dugulako; eta harrera oso onarekin egileen, ikusleen eta komunikabideen aldetik. Edukiera arazorik ez dago sarean, eta inoiz baino jarraitzaile gehiago izan ditugu; Arkupen 99 lagunendako tokia dago, eta aurten, Twitch plataforman hiru egunean 1.625 bisita izan ditugu eta Instagramen 558 jarraitzaile; Idoia Bediagaren zuzenekoan 192 ikusle izan ziren eta 275 ikusle izan zituen AZ Gaubelak-en emanaldiak. Ikusleek zuzenean oso mezu politak bidali zizkiguten, eta oso eskertuta gaude".

Goiena saria, June Lakak

Kresala filmaren egilea gaixorik zegoen, eta ezin izan zuen ekitaldian parte hartu. Honako haueek esan zituzten epaimahai-kideek June Lakaren lanari Sail Ofizialeko film onenaren Goiena Saria emateko: "Haurtzaro garaiko bizipen eta kezkak era eder poetiko eta arduratsuan azaltzen ditu, eta gidoiak maisuki errealitatea eta fantasia uztartzeko duen indarra du".

Iñaki Tena Huheziko ikasle ohiak Vertigo eta Ikusleen sariak eskuratu zituen. "Petita-k bi sari irabaztea oso pozgarria izan da guretako , eta berak saria sekulako bultzada izango dela esan digu. La Horrorosa saria ere ikasle batzuek egindako Idoia lanak jaso du", dio Del Campok.

Sierra Leonako kartzelei buruz

Chennu mutiko gaztea da Mundukide saria irabazi duen El infierno filmaren protagonista. "Baldintza kaxkarretan kartzelan ahaztuta hiltzen ari diren pertsona horien istorioak lehen planoan jarri nahi dituen filma da", dio Fundazioko Urri Urizarrek, eta zera gaineratu du: "Emozio gazi-gozoak eragiteko ahalmena du. Gomendagarria benetan. Egileek sariaren dirua protagonistari emango diote".

Sarean ikusgai

Esan beharra dago Huhezinemak kanal bana duela Youtube eta Filmin plataformetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak