Duela aste pare bat adierazi zion GOIENAri Oihana Aldai futbol jokalari aretxabaletarrak klubari baimena eskatu eta erizain lanetan hasteko asmoa zuela. Eta horrela egin du. Atezainaren arropak erantzi eta erizainarenak jantzita dabil egun.
Bere burua eskaini
Koronabirusak sortutako egoera ikusita hartu zuen erabakia Aldaik: "Ikusten nuen hedatzen ari zela COVID-19a eta osasun arloko profesionalak lanez gainezka zeudela. Nik ere gura nuen ahal nuen neurrian lagun-du, eta erizaina izanda nire burua eskaini gura nuen, beharra egonez gero lanerako gertu nagoela esanez". Horretarako, baina, Pozoalbense klubaren baimena behar zuen aretxabaletarrak. Kordobako talde horretako atezaina da bera urtarrilaz geroztik, eta hori utzi behar zuen, lehenengo, erizain hasteko. "Futbol partiduak eten zituztenetik gure lana ere beste bat izan da. Prestatzaile fisikoak bidaltzen dizkigu ariketak eta horiek egiten ditugu taldekideok, bakoitzak bere konfinamendu tokitik, baina egoera ez da nor-mala eta klubari nire asmoa zein zen planteatu eta erizain lanetan hasteko baimena eska-tu nion. Ondo ulertu zuten nire laguntzarako asmo hori eta bai-mena eman zidaten. Joan den astean etorri nintzen etxera. Astelehenean hasi nintzen lanean Zumarragako ospitalean. Oso gustura nago", dio Aldaik.Aretxabaletarrari berdin zitzaion zein herritan edo ospitaletan lan egin: "Beharra zegoen tokira joateko prest nengoen, baina, aukeran, egia da nahiago nuela etxera etorri eta Euskal Herriko ospitale batean jardun". Hala, Zumarragakoan osasuneko profesionalak behar zituztela komentatu zion lagun batek eta hara bidali zuen mezua bere burua aurkeztuz eta zer lanetarako beharra zuten galdetuz. "Ospitalean lan egiteko zela erantzun zidaten eta hantxe nabil orain. Apirilaren amaiera arte egongo naiz, momentuz", zehaztu du.
Etxean gelditzeko gomendioa
Ez daki Pozoalbense taldera bueltatuko den edo erizain jarraituko duen: "Kordobako, Pozoblanco herriko pisuan utzi ditut traste guztiak eta haiek jasotzera, behintzat, bueltatuko naiz, baina ez dakit nola bukatuko dugun denboraldi hau". Bitartean, futbol taldeko lagunekin harremanetan jarraitzen du eta agindutako ariketak elkarrekin egiteko ere jartzen dute zita, orain lehen baino ordu gutxiago baditu ere kirola egi-teko. "Kontziente izan behar dugu egoeraz eta gure esku da-goena egin. Etxean gelditu, ahalik eta gutxien atera kalera guztiok, eta animo denoi".