Hirugarren balkoi-festara begira, berrikuntzak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 2a, 16:00
Mikel Alberdi DJ lanetan, balkoi-festan.

Bi balkoi-festa antolatu dituzte AZ Gaubelako kideek: batean, 26.000 ikusle izan zituzten zuzeneko emisioan, eta bigarrenean, berriz, 18.000. Zapatu honetarako ere badute ekintzaren bat esku artean, eta emango dutela horren berri jakinarazi dute.

Atxabalta dantzan! izenpean, balkoi-festa antolatu dute AZ Gaubelak taldeko kideek bi zapatutan. Martxoaren 21ean bata eta martxoaren 28an bestea. Ekimen biak grabatu zituzten, eta baita zuzenean emititu ere. Lehenengo deialdira Aretxabaletako herritarrak zeuden deituak, eta herritarrak balkoietara atera ziren, dantzara, balkoi eta leihoak argiztatuta. Hala, airez grabatu zuten ekitaldia, eta irudi ederrak erakutsi.

Bigarren balkoi-festan, aldiz, Aretxabaletakoez gain Eskoriatzako eta Arrasateko herritarrak ere animatu zituzten balkoietara ateratzera; kasu honetan, baina, ez zuten airez grabatu. Hala ere, hiru herrietan zenbait kamera jarrita, zuzenean ikusteko aukera izan zen, eta gustura geratu dira ekimenarekin.

Bizipoza zabaldu guran

"Ez gara etxean egotekoak, eta zerbait egin beharra geneukan, batez ere etxeko txikienak alaitzeko asmoz. Hala, Atxabalta dantzan! ekimena egitea pentsatu genuen, zapatuan ordu eta erdiz, behintzat, irribarre batzuk ateratzeko herritarrei. Lehenengo ekitaldiaren arrakasta ikusita, beste bat egin genuen, eta hirugarren bat ere izango dugu, baina beste modu batean… Ikusiko dugu, eta emango dugu horren berri", adierazi du Ibai Zangitu AZ Gaubelak taldeko kideak.

IBAI ZANGITU. AZ GAUBELAK-EKO KIDEA

"Egoera honetan herritarrak etxean aspertuta egongo direla imajinatuz, hauek alaitzeko antolatu ditugu. Guk bultzatuta, eta herriak parte hartuta, zapatu honetara begira ere egingo dugu beste zerbait, baina beste modu batean…".

MIKEL ALBERDI. AZ GAUBELAK-EKO KIDEA

Dibertsioa bai, baina lan asko

Grabatutako irudien zuzeneko emisioaz gain, kanta nahasketa baten helbidea partekatu zuten bi ekintzetan, nahi zutenek etxe bakoitzetik bozgorailuak jarrita, herri guztian musika bera entzuteko. Emaitza paregabea izan dela gaineratu du Mikel Alberdik. "Lehenengo ekitaldian 26.000 ikusle izan genituen Youtubeko gure kanalean, eta bigarrenean, 18.000 ikusle. Bigarren honetan, Aretxabaletako argi guztiak kendu genituen balkoietako argiztapena hobeto ikusteko; Eskoriatzara eta Arrasatera ere zabaldu genuen ekimena, baina ezin izan genuen dronea erabili. Anonimotasunetik kexa bat jaso zuten ertzainek dronea erabiliko genuela esanez; Ertzaintzaren abisua jaso genuen, eta, kasu eginaz, ez erabiltzea erabaki genuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak