Maider Sarriegi: "Euskarak lekua behar du, baita industrian ere"

Naroa Urien Berrio 2020ko mar. 28a, 16:22

Maider Sarriegi, Copreciko Euskara Batzordeko koordinatzailea.

1978.urtean sortu zen Copreciko lehen Euskara batzordea. Gaur egun, estrategia zein metodologia ezberdinak erabiltzen dira, baina helburua bera da oraindik.

Maider Sarriegi beasaindarrak 17 urte daramatza Aretxabaletan bizitzen. 1999an hasi zen Coprecin lanean, eta, lanpostu desberdinetan ibili ondoren, momentu honetan negozioetako batean produktu garapen teknikaria da. Bestalde, Copreciko Euskara Batzordeko koordinatzaile lanetan dabil. Konfinamendu egoeran, batzuk telelanean dabiltza; Sarregik, aldiz, bulegoan jarraitzen du lanean.

Copreciko Euskara Batzordeko koordinatzailea zara...Zein da zure egitekoa batzorde horretan? 

Batzordeko kide izan naiz urte batzutan eta udazkenetik euskara batzordeko koordintzailea naiz. Euskara planeko gaiak koordinatu eta jarraipena egin, Euskara normalizatzeko proiektua behar den lekuetan bultzatu,  Euskara batzordeko gaiak prestatu eta dinamizatzen parte hartu, Fagor taldeko euskara batzordean parte hartu, kanpo harremanetan Copreciren ordezkaritza ahalbidetu…

Noiztik dauka Euskara Batzordea Coprecik eta zein ardura ditu? 

Lehen euskara batzordea 1978an sortu zen Coprecin. Urte askotan bolondresek bakarrik osatu izan dute. Azken urteetako erakundetzearen ondorioz orain bolondresek eta lanpostu jakin batzuetan dauden pertsonek eta organoetako ordezkariek osatzen dute. Ardura nagusiak hurrengoak dira: Euskararen arloko misioa, politikak irizpideak proposatzea, jarraitzea, baloratzea…., plan estrategikoko eta Gestio planeko estrategiak landu eta ekintzak proposatzea eta helburuei jarraipena egitea.

Euskara Batzordea martxan dagoenetik aurrerapausorik igarri duzu lantegian? 

Nik beti ezagutu izan dut euskara batzordea Coprecin. Oraingo egoeran egotea ezinezkoa izango litzateke lehenengo euskara batzordea martxan jarri zuten eta ondorengo urteetan lanean jarraitu zuten bolondres haiek gabe. Aurrerapauso gehiago emateko, 1999an Emun aholkularitza zerbitzua kontratatu zen euskara plan bat diseinatu eta inplementatzeko. Nahiz eta plana asko erakundetu den, beharrezkoa da euskara batzorde bat eta inguruan berarekin harremanetan dagoen jendea edukitzea, plana eta langileak aktibatuta mantentzeko.

Indeus, Industriaren Euskal Plataformako kide ere bazara , plataforma hori zeintzuk osatzen dute eta zertan diharduzue? 

Copreci Indeusplataformako kidea da eta Copreciren ordezkari moduan joaten naiz. Bertan euskara plan aurreratuak dituzten enpresak daude lan talde desberdinetan banatuta.Coprecik Euskarazko produktuak eta Administrazioarekin harremanak lan taldean parte hartzen du. ERP-en gaia (euskaraz zenbat dauzkagun eta euskaraz edukitzeko zein aukera dauden aztertzen ari gara, adibidez SAP ERP-a), Administrazioarekiko harremanetan enpresek euskara gehiago erabiltzeko zer egin, Hezkuntza eta Industriaren arteko mintegi bat egin nahi da hizkuntzari buruz dauden beharrak identifikatzeko… Kooperatiba asko gaude partaideen artean, Eika, Orkli, Ulma, Danobat, Cikautxo, Maier, Goizper eta baita Elay, CAF, cluster desberdinak…

Industria ere, beraz, hasita dago euskarak duen balioari garrantzia ematen? 

Bai, plataforma honekin ere hori bultzatu nahi da, euskara planaurreratuenak dituzten enpresak besteentzat eredu eta lagungarri izatea. Zaila izaten den arren horrelako lan taldeetan, orain artean ekintza zehatzak egitea faltan sumatu dut. Aurtengo, batzuk planteatu dira eta ea aurrera ateratzeko gai garen.

Aretxabaletako Euskaraldiko batzordeko kide ere bazara; lan handia dago egiteko Aretxabaletan? 

Bai, komertzio, lantegi eta entitate ugari daude eta aurtengo berezitasuna den Ariguneen gaia azaldu beharra dago. Azalpena eman ostean bakoitzak ikusiko du zenbat Arigune sortu daitezkeen bere entitatean eta epe bat edukiko du euskaraldiko webgunean izena emateko. Lan taldekoon artean banatuko dugu lana ahalik eta gehienengana heltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak