Hainbat lan "atzeratu" egin beharko ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 27a, 17:30
Hainbat herritar erosketekin, Mitarte kalean.

Jarraipen Batzordea eratu dute udal ordezkariek, eta han aztertzen dituzte azken asteotako gorabeherak. Onartu dute egoera berriak eragina izango duela aurten egitekoak ziren hainbat lanetan, eta merkatariengan, esaterako, kezka handia sortu du.

Koronabirusaren pandemiak sortutako egoerari jarraipena egiteko eta herriko beharren gainean adi egoteko Jarraipen Batzordea sortu dute Udalean ordezkaritza duten bi alderdietako kideek, eta astean egun pare batez elkartzen dira. "Egoera onartzen joan gara eta azken egunotan asko lasaitu da giroa", adierazi du Unai Elkoro alkateak. EH Bilduko Ion Albizuk berretsi du egoerari ahalik eta azkarren buelta emateko erabakiak etengabe dabilela hartzen Jarraipen Batzordea, eta gaineratu: "Lehentasuna argi dut: aretxabaletar guztiak babestea; ahulenak izan daitezkeenak, baina baita ere langileak, merkatariak, enpresariak…".

Hainbat lan atzeratu

Egoera berriak diru kontuetan eragin zuzena izango duela argi du Elkorok: "Diru sarrerak asko jaitsiko dira Aldundiarendako, eta, ondorioz, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik datorkiguna ere bai". Horrek urtea "erabat baldintzatuko" duela dio, eta aurreikusitako hainbat lan –Santa Kurtz kaleko bidegorria, saneamendu lanak…– atzeratu egin beharko direla: "Ez dugu lehentasunik jarri lanei dagokienez, oraindik ez dugulako datu zehatzik esku artean; osasun etxearekin zer egingo duen Jaurlaritzak, esaterako, ez dakigu".

Dena den, gogorarazi du, batetik, iazko gerakinetik dirua duela gordeta Udalak; eta bestetik, kiroldegiaren zorra ordaintzen bukatuko dutela 2021ean, eta, ondorioz, 850.000 euro gehiago izango dituztela urtean. Horregatik, lehenago ez bada geroago, esandako lan gehienei heltzeko moduan izango direlakoan dago.

Merkatariak, "kezkatuta"

"Oso kezkatuta" daudenak herriko merkatariak eta ostalariak dira: "Ez dakigulako, batetik, egoera hau noiz bukatuko den, eta, bestetik, buelta emateko gai izango garen ondoren", dio Uxoa Etxebarriak, Aretxarteko zuzendaritzako kideak. Udala horren jakitun da eta hartu-emanean dago Aretxarterekin. "Bi eratako laguntzak ditugu buruan: batetik, zuzenak; eta bestetik, pizgarrietan". Gaur, egubakoitza, gai hori landuko dute udal ordezkarien artean, eta ondoren, ekintza zehatzen berri emango diete merkatariei.

Basotxon, kontuak atzeratuta

Basotxo erretiratuen elkarteko kideen artean ere kezka sortu du egoera berriak eta hainbat kontu bertan behera utzi behar izan dituzte. "Gaztela Mantxara joatekoak ginen Pazko astean, baina ezin. Batzar orokorra ere atzeratu beharrean izan gara", dio zuzendaritzako kide Isabel Olivenzak.

Bestetik, behar gehien dituzten adinekoengan jarri du arreta Udalak eta bakarrik bizi direnekin, bereziki, harremanetan daude. "Udaletik hainbat dei egin ditugu eta herritarrek eurek ere deitu dute", dio Elkorok.

Kiroldegiko tasak

Ibarra kiroldegiari dagokionez, zerbitzurik eman ez den egunetan ez dela kobrantzarik egingo argitu du Elkorok: "Martxoa kobratuta dago, baina apirilean deskontatuko dugu hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak