Aurreikusitakoa baino jaialdi beldurgarriagoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mar. 27a, 16:03
Aurtengo jaialdia antolatu duten ikasleen lantaldeko kideak. Argazkia: Huhezinema.

13. Huhezinema film laburren jaialdia online egiten ari dira egunotan twitch, Youtube eta instagram plataformen bitartez, eta gaur, 20:00etan, sari banaketa egingo dute; etzi hasita, Filmin plataformako Huhezinema kanalean izango dira ekitaldiak ikusgai.

Hamahiru zenbakiarekin jolastuz, beldurra aukeratu zuten aurtengo Huhezinema jaialdiaren gai moduan, eta beldurrezko film baten gidoia dirudien garaian, aurtengo jaialdia bertan behera utzi beharrean, MUko Ikus-entzunezko ikasle eta irakasleek erronkari eutsi eta hainbat plataforma digitalen bitartez –Twitch, Youtube eta Instagram– online ari dira egiten. "Ez genuen urte osoan zehar ikasgelan egindako lan handia bertan behera geratzea gura, eta hainbat aukera aztertu ondoren hala egitea erabaki genuen. Lehenengoak gara zine jaialdi bat modu honetan egiten, eta esan digute laster Kataluniako beste baten ere hala egingo dutela. Bizi dugun egoerak bal-dintzatuta zine-industria aldatzen ari da, eta, lehenengoak izatean, akatsetatik ikasten ari gara, baina, duda barik, maila ona ematen ahalegintzen ari gara", azaldu du jaialdiko komunikazio taldeko Naroa Urien ikasleak, eta zera gaineratu: "Orain arte feedbacka oso ona ari gara jasotzen; jende asko ari da jaialdia jarraitzen, egunetik egunera gero eta bisita gehiago ditugu Huhezinema.eusatarian. Antolatzaileak pozik gaude".

70 film labur jaso dituzte

Horiek dira aurtengo lehiaketan parte hartzeko jaso dituzten lanak; Iban del Campo irakaslearen esanetan, uzta oparoa: "Gai nagusia beldurrezko eta fantasiazko zinema izan den arren, Euskal Herriko toki eta genero askotakoak jaso ditugu. Sail ofizialerako aukeratu ditu-gunen artean, ilusioa berezia egiten digu, sekula gertatu ez den moduan, aurten gure bi ikasle ohien lan profesionalak sartu direla: Lander Ibarretxeren Regina eta Iñaki Tenaren Petita; biak ala biak itzelak dira. Sorpresa pozgarria izan da egile berrien lan asko jasotzea; horien artean, June Lakaren Kresala aipatuko nuke, estetika eta atmosfera oso berezia du. Kimuak katalogotik ere bi lan daude sari nagusirako lehian, Moriarti ekoiztetxekoek egin duten Mateoren ama, Arrasateko Maria Asun Pagoagak parte hartzen duena, eta Afrikan, Sierra Leonan, grabatutako El Infierno (Raul de la Fuente) dokumentala. Horiez gainera, eskarmentua duten zuzendarien lanak ere badira; besteak beste, Josu Martinezen Anti, Norma Vilaren El fin de todas las cosas, eta niretzako, bereziki, harri-bitxia den Ura sartu zen barrura (Peru Galbete), artxiboko irudiekin egindako lana".

JAIALDIA BUKATU ONDOREN ERE, SAREAN IKUSGAI IZANGO DIRA FILMAK ETA ADITUEN 'MASTER CLASS'-AK

Aipatutako filmez gainera, MUko ikasleek egindako hamabost lan bi emanalditan bana-tuta erakutsi zituzten atzo, eta beste hainbat film gehiago eguazten gauean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Jaialdiarekin elkarlanean egin zuten Sesio golfoa atalean.

Hilabete iraungo du jaialdiak

Gaurtik aurrera, Maite Arrotajauregi Mursego Eibarko musikariak eta Paulo Urkijo Gasteizko zinegileak egin dituzten master class-ak ikusgai izango dira Huhezinemak Youtuben duen kanalean, eta horrez gain, Filmin plataforman domekan hasita, Huhezinemaren kanala abiatuko dute. "Huhezinemarekin lotuta izan duten zinegileen filmak eta gure jaialdietako film laburrak eskainiko ditugu".

Sari-banaketa gaur, 20:00etan

Orain arteko sariez gain, La Horrorosa saria banatuko dutela azaldu du Urienek: "Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Jaialdirako bi gonbidapen jasoko dituzte genero horretako lan onenaren egileek. Ikusleek ere badute euren botoa emateko aukera film laburren emisioaren ondoren, Twitch bitartez.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak