Hiri-antolamenduko plan orokorrari hasiera eman dio udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 12a, 08:21
Atzo, eguaztena, udalbatzak egindako osoko bilkura.

Aretxabaletako Udala ekin da Hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) lantzen. Atzo, martxoak 11, egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuten horri hasiera ematea; herritarren partaidetza programa ere onartu zuten. Era berean, Gipuzkoako Senideakek onartutako mozioa ere aho batez onartu zuten.

Hiri-antolamenduko plan orokorraren lanketa egitekoen artean zuen Udalak. "Aurreko agintaldian ekin gura genion lanketa honi, eta egia da oso atzeratuta gabiltzala. Arkitektoaren kontratazio prozesua ere uste baino gehiago luzatu da; ea bada, hasten garen! Espero dugu agintaldi honen bukaerarako behin behineko onarpena behintzat ematea", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak. Martxoaren 30erako lanean izango dela arkitekto hori aurreratu zuen.

Plan orokorra lantzearen ardura EH Bilduko Ion Albizuk izango du. Herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua izango dela aipatu zuen horrek osoko bilkuran. "Herritarren iritzia jasotzen dela bermatzea gure ardura da. Eta horretarako osoko bilkuran egindako planteamendu orokorrean erreminta ezberdinak ikusten ditugu; batetik, herritarrak gonbidatuko ditugu parte hartzera eta horretarako fase ezberdinak izango dira. Baina bestetik, gu geu ere joango gara herritarrengana galdetzera, funtsezkoa delako halakoetan parte hartzen ez duten horien iritzia ere". Herritarrak eroso senti daitezen lan egingo dutela gaineratu zuen.

Partaidetza prozesua udazkenean abian

Maiatz aldera esleituko dituzte parte-hartze prozesuaren gidaritza eta beste arlo tekniko batzuk. Partaidetza prozesua udazkenean, urri inguruan, abiatuko dutela aurreratu zuen: "Herriaren diagnostikoa eginez hasiko gara. Hainbat herritarrek diote askotan parte hartu izan dutela halako prozesuetan eta horiei esan gura diet ez garela zerotik abiatuko, orain arte egindakoa ere kontuan hartuko dugula, lana emankorra izan dadin". Sektoreka lan egiteko asmoa ere badutela aurreratu zuen: umeekin, adinekoekin, emakumeekin, auzoetan…

Plan orokorrak aretxabaletarren bizitzan eragin zuzena duela gogorarazi zuen, eta horregatik hain zuzen dela garrantzitsua herritarren iritzia: "Herriko egitura definituko da eta hor sartzen dira: mugikortasun elementuak, etxeak eraiki behar diren edo ez eta non, kirol ekipamenduak eta bestelakoak non egin… Ez bakarrik kalean, baserri auzoetan ere arautuko dira elementu batzuk: lurren erabilera, baserrietan zenbat bizileku egin daitezkeen… Eta kaleko etxeetan ere eragingo du, izan ere, erabakiko dira balkoi bat itxi daitekeen edo ez, etxe baten garaiera…". Halako erabaki guztiak hartuko direla HAPOa garatzerakoan gogorarazi zuen: "Orain geratuko da definituta hurrengo 10 edo 20 urtetarako plangintza, hortaz, garrantzitsua da parte-hartzea".

Zaharren egoitzetako gatazka

Gipuzkoako Senideak taldeak udaletxera bideratutako mozioa ere mahai gainean izan zuten. Mozio horren bidez, zaharren egoitzetako egoiliarren senideek eskaera egin diote Aldundiari eta patronalari irtenbidea topatzeko luze doan gatazkari. "Mahaiaren bueltan jar daitezela eta gatazka konpon dezatela eskatzen da. Azken baten, diotena da duintasuna bermatu behar dela nagusien zaintzan eta hori, une honetan ez da hala, bereziki lan baldintza prekarioak dituztelako langileek", zioen EH Bilduko bozeramaile Ion Albizuk.

Udal gobernuak adierazi zuen gatazka baten aurrean "alde guztiak hartu behar direla kontuan eta sindikatuak ez dituztela aipatu eskaera horretan". Dena den, aho batez onartu zuten eskaera hori eta konpromisoa hartu zuten Aldundira bideratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak