Karmen Uribesalgo: "Emakumeen erretratuak marraztea dut gustuko"

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 10a, 17:44

Karmen Uribesalgo.

Gasteizen bizi den aretxabaletarrak Erretratuak, begiradaren atzean margo erakusketa jarri du Arkupen. Teknika ezberdinekin egindako margolanak dira gehienak, eta gaurtik, hilabetea bukatu bitartean egongo da ikusgai.

Gasteizen bizi da Karmen Uribesalgo azken 40 urteotan eta Arte eta Lanbide Eskolako ikaslea da. Emakumeen Nazioarteko Egunari keinu txiki bat egin gura izan dio Erretratuak, begiradaren atzean erakusketarekin.

Emakumeen erretratuak izango dira gehienak; kasualitatea da?

Ez dakit, ba... Eskolan teknika ezberdinak ikasten joan naiz: arkatza, pastela, akrilikoa... eta teknika horiekin egindako lanak dakartzat. Erretratu eskolak jasotzen ditut, eta horiek margotu gero; eta bai, emakumeak marraztea dut gustuko, nahiz eta gizonen bat edo beste ere egin.

Erakusketa horretan atal berezi bat dago, ezta?

Etiopiara bidaia egin nuen orain dela hamar urte inguru. Herrialde zoragarria da, eta argazkiak atera nituen han; bertako egoera jaso nuen argazkiotan, baina bereziki emakumeak atera nituen. Hortik abiatuta hasi nintzen margotzen, eta sei edo zazpi lan ditut. Jende zoragarria da, duintasun handia duena, eta emakume haiek oso presente ditut. Hortik dator Martxoaren 8aren bueltan keinu bat egin gura izatea emakume haiei erakusketarekin.

Berandu hasi zara margotzen, ala?

Gaztetatik dut gustuko; gogoan dut batxilergoan emaitzarik onena marrazketa artistikoan ateratzen nuela. Gero, bizitzak beste ibilbide batetik eraman ninduen: familia, lana, mugimendu sozialak, mendia... Azken urteotan heldu diot betiko zaletasun horri eta oso gustura nabil, benetan gustura, bai argazkigintza lantzen, bai margotzen. Zorte handia dut Gasteizen hori lantzeko tokia topatu izanarekin, eta irakasle onekin, gainera. Garrantzi handia ematen diot nik horri, inportantea delako bizitzako ibilbidea norekin egin gura duzun. Ni eskolara joaten naiz ikastera eta gauzak ondo egitera, ez bakarrik lagunak egitera, eta neure lanarekin zorrotza izatea eskertzen dut.

Eta ikasten jarraitzen duzu…

Bai, bai, eta kuriositate handiarekin, gainera. Joan den aste bukaeran Arcon egon nintzen, Madrilen; izugarria da hori. Horrez gain, Madrilen dauden erakusketa txikiak ere ikusi ditut. Nire bizitzaren azken txanpan horrek betetzen nau.

Zure lanarekin badago zerbait adierazi nahia edo estetikoak dira?

Estetikoak dira, baina bai gurako nukeela zerbait adieraztera iritsi; hori, ostera, oso zaila da. Beste artista batzuen eboluzioan erreparatuz gero, nabari da bizitza guztia daramatela bilatze horretan. Hori lortzen dute onenek; besteok kopiatu egiten dugu, eta disfrutatu.

Aretxabaletan erakusteak ilusiorik egiten dizu?

Nire asmoa ez da erakusketak jartzeko lan egitea, baina gustura nator. Hemen ez zaizkit geratzen lagun asko, baina gura duena gertura dadila, ondoetorria izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak