Santa Ageda kantuan eta eskean hasteko gertu

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 31a, 14:56

2001ean jaiotako hainbat gazte, Iturrigorri pilotalekuan, dantza entsegua hasi aurretik.

2001ean jaiotako 55 bat neska-mutilek jardungo dute aurten baserririk baserri eta etxerik etxe Siziliako Birjinaren omenezko koplak abesten; eguaztenean, aurtengo lehen dantza saioa egingo dute Herriko Plazan, herrikideen aurrean.

Urtarrilarekin batera hasi ziren 2001ean jaiotako neska-mutilak, 55 inguru, egubakoitz guztietan elkartzen dantzak ikasteko. Eta aste bukaera honetan entsegu orokorra egingo dute txistularien laguntzarekin.

Sasoi bateko ohiturari jarraipena emango diote. Martitzenean, Santa Ageda bezpera, baserririk baserri jardungo dute kopla kantuan eta eskean. "06:30inguruan elkartuko gara Herriko Plazan, eta bi taldetan banatuta joango gara auzoetara: batzuk, Oro eta Larrino aldera; eta besteak, Aozaratzara etaGoroetara. Eguerdian, guztiok elkartu eta Areantzatik eta Arkarazotik pasatuko gara, eta bazkaltzera herrira jaitsi. Arratsalderako utziko ditugu Izurieta eta Galartza inguruak", azaldu dute.

Eguaztenean, otsailaren 5ean ,ostera, kaleko bazterrak girotuko dituzte, 08:30 bueltan hasita: "Lantegietara eta bulegoetara joango gara, baita ikastetxeetara ere, eta etxeetatik ere pasatuko gara, noski". Iluntzean (19:00) lehenengo dantza saioa eskainiko dute Herriko Plazan. Orduantxe erakutsi beharko dute, herritarren aurrean, ikasitako guztia. Aratusteak bitartean, domeka guztietan elkartuko dira kintoak elkarrekin bazkaldu eta iluntzean dantzan egiteko plazan: "Talde polita osatu dugu eta jaiari ekiteko gogotsu gaude", diote.

Abesbatza eta musika eskola

2001ean jaiotako kintoak ez dira izango Santa Ageda bezperan kantuan egingo duten bakarrak.Ohitura duten legez, Aretxabaleta Abesbatzako kideek eta Leizarra musika eskolako hainbat ikaslek, herriko trikitilari taldearen laguntzarekin, Aretxabaletako Santa Ageda bertsoak kantatuko dituzte. Herriko Plazatik abiatu (18:15) eta zaharren egoitzatik pasatu ostean kalerik kale jardungo dute.

Basotxoko kantu taldea

Basotxo erretiratuen elkarteko kideek ere ez dute hutsik egingo martitzenean; horiek, Basotxotik abiatuta (18:00), ibilbidetxo bat osatuko dute herrian kantuan egin bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak