Leizarra musika eskolako ateak edonorendako daude zabalik, baita erretiratuendako ere. Dagoeneko hiru urte daramatzate eskolak jasotzen eta aitortu dute benetan gustura elkartzen direla Mariatxen Urkia irakaslearen esanetara lan egiteko.
Musika ikasi eta kantuan egin
Kontxi Lazkano, Ciriaco Sandoval, Rosario Elorza eta Arantxa Marrodan aretxabaletarrek martitzen goizetan dute hitzordua Arkupen. "Oso gustura elkartzen gara, eta solfeoa erakusten digu astuna izan barik", diote.
Pianoa jotzeko "ezinbestekoa" da partiturak irakurtzen jakitea eta kantuan egiteko ere asko laguntzen du. "Horren gaineko jakintzarik ez nuen eta kanturako oso ondo datorkit. Baina ez da samurra, bereziki intonazioa da zaila…", dio Sandovalek. Urkiak berretsi egin du partituren garrantzia: "Gutxieneko jakintza bat izatea beti komeni da, kanturako ere bai". Hala, musikaren teorian sakontzen dute, bereziki; partitura baten nondik norako guztiak ikasi, esaterako.
Musika jakintzak jasotzeaz gain, kantuan ere egiten dute. Hiru urtean asko ikasi dutela diote eta bakarkako kontzertuak ere eman dituzte; azken bi urteotako Gabonetan, esaterako, parrokian egin du kantuan Sandovalek, organoak lagun eginda. Marrodan eta Lazkano, ostera, Aretxabaleta Abesbatzako kide dira. "Bakarka kantuan egitea biluztea lez da, norberaren barru-barruko kontua, eta jendaurrean egitea kosta egiten zaio askori", dio Urkiak, eta hori ere zaindu beharreko kontua dela gaineratu du.
Sandovalen esanetan, eskola horiek gehiagorengana iristea interesgarria litzateke: "Basotxon ere badago kantu talde bat eta haiei eskaintzea ere ondo legoke. Partituren ikasketan sartu barik, era apalagoan, beharbada, baina ikasketa batzuk bai. Izan ere, afizio handia dago".
Terapia egin eta burua martxan
Nagikeria barik elkartzen direla berretsi dute guztiek eta horren arrazoiak eman dituzte: "Benetan gustuko dugu musika eta hori da garrantzitsuena", eta gaineratu dute: "Talde polita sortu dugu, gainera. Eta terapia egiteko ere balio digu: berriketan egin, arazotxoak konpondu…"
Leizarran ateak zabalik dituzte edonorendako: "Burua martxan izaten ere laguntzen du: kontzentrazioa landu… Musikatik ez da sekula erretiratu behar eta sekula ez da berandu hasteko", adierazi dute.