Tailerrean lan egiteko prest

Jone Olabarria 2019ko abe. 14a, 10:59

Cristina Blanco, Nekane Martinez, Uxue Morales eta Maialen Iarza.

Euskadiko Lanbide Heziketa zentroetako 50 bat emakumek parte hartuko dute Aretxabaleta Lanbide Eskolan martitzenean egingo den Automozioko emakumeen lehen topaketan. Emakumeen presentzia aldarrikatzea dute helburu.

Aretxabaleta Lanbide Eskolan 76 ikasle dabiltza Automozioko ikasketak egiten aurten eta horietatik 75 gizonezkoak dira. Uxue Morales aretxabaletarra da 76. ikaslea. 16 urte ditu eta ikasturte honetan hasi da Automozioa ikasten, "betidanik" gustatu izan zaionari jarraiki.

"Auto eta motor zaletasuna izan dut betidanik eta DBH bukatzean autogintza ikastera animatu nintzen. Klasekideek eta irakasleek "oso ondo" hartu dutela azaldu du, eta askok, izandako ausardia baloratzen dutela aitortu. Lehen mailako ikaslea da Morales, eta, oraindik lan munduarekin harremanik izan ez duen arren, etorkizunean mekanika arloan ikusten du bere burua: "Nire ametsa Moto GPko tailer batean lan egitea da, baina tailer batean nik neuk lana bakarrik aurrera ateratzea ere gustatuko litzaidake".

Lan mundura, "arazo barik"

Maialen Iarza arrasatearra ere Automozioko ikasle izan zen Aretxabaletan eta oroitzapen onak ditu ikasle garaiaz: "Ez nuen beste emakumerik ezagutzen hori ikasten zuenik eta aurretik ez nuen inor ezagutzen klasekideen artean. Hasieran, beldur pixka bat izan nuen, baina, egia esanda, denek oso ondo hartu ninduten".

Uxue Moralesen kasuan bezala, Iarza ikasle zenean ere bakarra izan zen eskola osoan autogintza ikasten. Hala ere, ez da "sekula" diskriminatuta sentitu, eta ikasleak eta irakasleak "ederto" portatu zirela aitortu dute.

Ikasketak amaituta, lan mundura saltoa emateko orduan ez zuen "inolako" arazorik izan, eta, egun, mekanikako tailer batean egiten du lan: "Mutilek indar handiagoa izan ohi dute, baina dena ez da indarra. Nire kasuan, orain ordezko piezekin lan egiten dut, baina mekaniko lanetan ere aritu naiz, inolako arazorik gabe".

Autoa "ukitu ere ez"

Kristina Blanco bergararrak, ordea, bizi izan zuen diskriminazio kasu bat: "Behin, tailerrean lanean nengoela, bezero batek ez zidan utzi bere autoa ukitu ere egiten". Halakoak ohikoak ez diren arren, batzuetan bere lana "gehiago" aztertu izan dutela aitortu du. "Ondo egiteko gai zarela ikusten dutenean, hurrengoan zuk egiteko eskatzen dizute".

Elgoibarren egin zituen autogintza ikasketak, "betidanik" bizi izan duenari jarraiki: "Aitak tailerra izan du eta ni bertan ibili izan naiz txikitatik. Gustatu egiten zitzaidan eta banekien hainbat gauza ikasten hasi aurretik". Hain zuzen ere, zikloa egiten hasi zenean, ikaskide askok baino gehiago zekien; kasu honetan ere, denak gizonezkoak ziren.

Berdintasuna oinarri

Leire Urretxok ere oso lotura estua dauka Aretxabaleta Lanbide Eskolarekin, baina hura irakasle lanetan. Bakarra da autogintzan, eta bakarra izan da bertan lanean daramatzan sei urteetan.

Topaketa hau egiteko ideiaz galdetuta, "berdintasuna" azpimarratu du: "Lanbide Heziketaren baitan aldaketa ugari izan dira eta horiei esker pisu handia hartu du berdintasunak. Gure kasuan, autogintzan, hori nola landu lanean hasi ginen eta topaketaren ideia sortu zen".

Topaketaren garrantzia

Denak bat etorri dira, lehenengoz antolatu duten topaketak "berebiziko garrantzia du". Elkar ezagutu eta esperientzia partekatzeko aukera bat izatea espero dute, baita autogintza emakumeengana gerturatzekoa: "Oso garrantzitsua da jendeak ikustea emakumeak baduela lekua hemen. Autogintzan aritu nahi duten emakume gazteentzat erakusleihoa izan daiteke, beldurrak galdu eta erakusteko gizonak bezain baliagarri eta apreziatuak direla mundu honetan". Hain zuzen, horixe bera azpimarratu du Blancok: "Lan mundura salto ematerakoan, enpresa eta tailerretan esfortzua baloratzen dute eta badakite horrek dakarren guztiarekin emakume batek bide hau aukeratu badu benetan gustuko duelako dela".

Maialen Iarzak honela dio: "Emakumeek eta gizonek berdina egin dezakegula aldarrikatzeko oso garrantzitsua da". Eta zerbait egiteko laguntza eskatu behar bada ere, "ez dago arazorik". Morales gaztea ere bat etorri da eta topaketa elkar ezagutzeko tresna ona izan daitekeela azpimarratu du: "Hau ez da soilik gizonentzako lana. Garrantzitsua da emakumeok batu eta esperientziak partekatzea".

Egitarau oparoa

Euskadiko Lanbide Heziketa Zentroetara egindako deialdiak erantzun "zabala" izan du eta Elektromekanika, Karrozeria eta Automozio ikasleak dira ekitaldian egongo direnak. Topaketan parte hartzeko 50 emakume inguru etorriko dira, Lanbide Heziketako bederatzi zentrotatik: Gipuzkoako Don Bosco eta Meka; Bizkaiko Emilio Campuzano, San Jorge, San Viator, Iurreta eta Ezkurtze; eta Arabako Egibide eta Mendizabala.

Gaur egun automozio sektorean lanean diharduten hainbat emakumerekin mahai-ingurua egingo dute: Lanbide Heziketako ikasle ohiak, inguruko automozio sektoreko enpresetako ordezkariak eta Meka Lanbide Eskolako Automozio irakasle batek hartuko dute parte. Iraitz Agirrek gidatuko duen saioaren ostean, auto elektrikoekin Urkuluko urtegiari buelta emango diote. Era berean, Emakundeko presidente Izaskun Landaidak ere parte hartuko du topaketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak