Kantuan hazteko eta hezteko abesti sorta

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 13a, 11:41

Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneko kideek hamabi abesti sortu dituzte 'Kantuan hazi eta bizi' proiektuaren baitan; doinu samurrak eta tokiko berbak erabili dituzte, eta ilusio handiarekin egindako bildumatxo hori gaur aurkeztuko diete familiei.

Kantuan hazi eta bizi proiektua garatzen hasi eta hamabi abesti sortuta bukatu dute Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneko kideek. Kantu horiek guztiak gaur, egubakoitza, aurkeztuko dizkiete familiei.

"Irati irakasleak abeslaria eta musikaria izan gura zuen, baina hala-moduz zekien kantatzen", kontatu du Eneritz Urrutiak, Basabeazpi guneko irakasleak. Eta istorio horren hariari tiraka garatu dute proiektua: "Neskamutikoekin erabaki genuen musikari izateko pausoak erakutsiko genizkiola Iratiri". Horretan laguntzeko hainbat bisitari jaso dituzte; besteak beste, ahotsa zelan zaindu irakatsi dien logopeda, erritmoa jarraitzen erakutsi dien batukada bateko kidea, hainbat musika instrumentu sortu dituen herritarra, ahotsaren intentsitatearen berri eman dien musika eskolako irakaslea eta gorputz espresioa lantzen jardun duten Jaiki elkarteko kideak. "Behin hori guztiori ikasita, umeek erabaki zuten abesti sorta bat oparitzea Iratiri, eta halaxe sortu ditugu kantuak".

Kantu motzak eta samurrak  

Urrutiak berak asmatutako letrak dituzte abestiek, eta Nagore Olabe irakasleak egokitutako doinua: "Kanta motzak dira, ikasteko oso samurrak. Tokiko berbak erabili ditugu eta gutxi erabiltzen direnak sartzeko ahalegina egin dugu; adibidez, katamixarra, ostarkua...". Umeen kantak izan arren euskara ezagutzen ez dutenendako ere material aproposa dela uste du: "Ez bakarrik horiendako, geuretako ere bai, berba horiek gal ez ditzagun". Abeslari lanetan umeek jardun dute, kantu batean izan ezik –hori gurasoek abestu dute–, eta Youtuben jarriko dituzte.

Herriko ondarea 

Proiektuak dituen helburuak azaldu ditu Urrutiak. Hiru, hain zuzen ere; batetik, material euskaldunaren sorkuntza: "Ikastolako guraso, ikasle eta langileok elkarrekin egitean dago gakoa. Hori da indar nagusia eta lanari ilusioa eta bizitasuna ematen diona". Bestetik dago herriko ondarea jasotzea komunitatea lagun: "Proiektu ezberdinak egin ditugu: gure nagusiek erabiltzen zituzten jolas, kantu, dantza eta esaerak egunerokoan txertatzeko, adibidez. Eta guk ere geure hazia bota nahi diogu ondare horri". Eta hirugarrenik, tresna berriak sortzea euskararen arnasgune izan dadin ikastola.

Iratiren istorioaren bueltan sortutako abesti sorta hori herriarendako ere opari izan dadin gura dute. "Ilusioarekin egindako hori, guztiondako izan dadila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak