Euskara gure lan hizkuntza izan dadin hainbat neurri hartu ditugu azken urteotan; besteak beste, laneko arlo guztietarako zehaztuta ditugu hizkuntzak erabiltzeko irizpideak. Horien artean daude euskara lehentasunez erabiltzea eskatzen dutenak eta soilik euskara erabiliko dela zehazten dutenak. Horrela, adibidez, barne komunikazio orokorrak euskara hutsez jasotzen ditu langileen %95ak.
Langileek izan beharreko euskararen ezagutza mailari garrantzia handia eman diogu. Gaur egun, lanpostu guztietan da beharrezkoa euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta kontratazio berrietan %95etik gorako betetze maila dugu. Lanposturako zehaztutako euskara maila betetzen ez den kasuetan, enpresak baliabideak eskaintzen ditu langileak dagokion maila lor dezan, eta langileari eskatzen zaio maila lortzeko konpromisoa. Gaur egun langileen %90 euskaraz egoki komunikatzeko gai da eta %95ak ulertzen du.
Euskararen erabilerari dagokionez, ahozko jarduna %60 ingurukoa da egunerokoan. Bileretan, idatzizko harremanetan eta beste hainbat esparrutan ere eragiten ari gara euskararen erabilera handitzeko asmoz. Horretarako, ahozko zein idatzizko gaitasuna indartzeko trebakuntza saioak jasotzen dituzte langileek. Horrez gain, hizkuntza portaeretan eragiteko gogoeta eta formazio saioak ere egiten ditugu.
Ospakizuna, lehiaketa eta sariak
Euskararen eguna baliatu dugu langileen artean bi lehiaketa egiteko, lehenengoa euskararen egunaren aurretik eta bigarrena ondoren. Batetik, bilera geletan ikusgai egongo diren esaldien lehiaketa izan dugu. Argitaratu gabe dauden esaldiak sortu dituzte langileek eta bozketa bidez aukeratu bilera geletan jarriko dena: Eraiki eta mantendu beharreko makinarik onena gure hizkuntza da, gure euskara. Durangoko azokan erabiltzeko 50€ko bonoa jaso du boto gehien jaso dituen esaldiaren egileak. Bestetik, gaur iragarri da Egunean Behin lehiaketa. Dagoeneko langile talde batek parte hartzen duen arren, aukera zabalduko da abenduaren 9tik 15erako astean soilik parte hartu nahi dutenentzat. Aste horretan lehiaketan lehen hiru postuetan sailkatutakoen artean zozketatuko dira Gure Zirkua ikustera joateko 2 sarrera.
Hori guztia, langileak elkartu eta hamaiketako ederraren bueltan egin dugu. Aurkeztutako esaldi guztiak ikusi eta elkarren artean euskararen inguruko erronkei buruz giro atseginean hitz eginez. Lanean jarraitzeko asmo sendoa dugu, baina gaurkoan egindako guztia eta egiten ari garena ospatuko dugu.