Kurtzebarri eskola: 40 urte herriko umeak euskaraz hezten

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 3a, 14:19

Kurtzebarri eskolan 1979an sartu ziren ikasleak. Argazkia: Mari Karmen Gutierrez.

Erakundeek eta gurasoek bat egin zuten 1979an Colegio Kurtzebarri zen hartan euskaraz ikasiko zuen 25 umeko talde bat egokitzeko. Horretarako lan egin zuten gurasoei aitortza egingo diete abenduaren 4an, pilotalekuan egingo duten jaialdian.

Ikasketa guztiak euskaraz egin zituen lehen taldea orain dela 40 urte sartu zen Kurtzebarri eskolan. Lan handia egin zuten gurasoek eta irakasleek orduan, eta haiek izango dituzte gogoan abenduaren 4an. Eskolara gonbidatu dituzte gaur egungoa ezagut dezaten; gero, bazkaltzera joango dira hainbat; eta iluntzean pilotalekuan egingo duten Udazkenari agur jaialdian egingo diete aitortza.

Txaro Urrutia, Resu Abasolo eta Mari Karmen Gutierrez.

Boluntario eskaera

1979. urte hartan umeak Almen ikastetxean matrikulatu zituzten gurasoek bilera baterako deia jaso zuten maiatz inguruan. Hezkuntza zinegotzi zen Karmelo Azkoitiarekin, Almeneko presidente zen Felix Ormaetxearekin eta Colegio Kurtzebarriko guraso elkarteko kide Manolo Zubillagarekin elkartu ziren. "Esan zuten ez zegoela tokirik guztiendako eta beste proposamen bat aurkeztu ziguten; gure artean 25 laguneko talde bat sortu behar zela Colegio Kurtzebarrira joateko", azaldu du Mari Karmen Gutierrezek, haietako guraso batek. Euskara Legea jarri zen abian urte hartan eta une egokia zela euskara sartzeko eskola nazionalean adierazi zieten. "Boluntarioak eskatu zituzten eta une hartan bertan pare bat agertu ginen", gaineratu du. 

Mari Karmen Gutierrez: "Boluntarioak eskatu zituzten Kurtzebarrira joateako eta une hartan bertan pare bat agertu ginen".

Txaro Urrutia izan zen pausoa eman zuen beste gurasoetako bat: "Eskola nazionalean ez zegoen euskararik orduan, eta, horregatik, euskara bermatze aldera, euskara zekiten gurasoak gura zituzten; eta bestela, euskararekiko nolabaiteko konpromisoa hartuko zutenak". Azkoitia zinegotziak argi utzi zien irakasle ona izango zutela umeek. "Ez zigun esan zein izango zen, baina derrigorrezkoa zela proiektu hark aurrera egin zezan irakasle ona. Ekainerako esan ziguten Resu Abasolo izango zela".

Irakasle Eskolatik zuzenean

Eskoriatzako Irakasle Eskolako lehen promozioa 1979an irten zen, eta haien artean zegoen Resu Abasolo. Irakasle Eskolara joan zitzaizkien Karmelo Azkoitia eta Jose Mari Idigoras zinegotziak Aretxabaletako eskola nazionalerako zituzten asmoen berri ematera: "Euskararekiko konpromisorik ez zuen eskola bat geratzeko arriskua zegoela esan ziguten", azaldu du Abasolok. Irakasle eskaera handia zegoen orduan, eta lehen promozioko haiek ez zuten lana topatzeko arazorik: "Nik, baina, Kurtzebarrira etortzea erabaki nuen, zinegotzi haien berbak barruraino sartu zitzaizkidalako".

Txaro Urrutia: "Ezezagunak eta ezberdinak ginen guraso guztiok, baina elkartasunak lotu gintuen".

Ez zuen inolako esperientziarik Abasolok. "Alecopen, Fagorren eta Coprecin lanean jardunda nengoen eta ondoren Almenen A eredukoei euskaraz erakusten izan nintzen bi urtez. Inozentzia horretatik hartu nuen erabakia". Hala ere, oso lasai joan zela erabat ezezaguna zuen eskola hartara gaineratu du: "Hasiera-hasieratik izan nuelako erakundeen eta gurasoen babesa".

Inondik inora elkar ezagutzen ez zuten gurasoek egin zuten bat, eta zelan, gainera, Urrutiaren esanetan: "Ezezagunak eta ezberdinak ginen guraso guztiok, baina elkartasunak lotu gintuen. Batetik, euskaldundu egin behar genuen eskola, erronka zaila eta luzea. Bestetik, eskola duina eta kalitatezkoa nahi genuen, eta horrek ekarri zuen gabeziak zeuden lekuan indarrak jartzea".

Euskalduntzeko bidea

Colegio Kurtzebarrik "bere historia" zuen eta han murgildu zen talde berria. "Gu ez ginen sartu eskolak deituta, alderantziz baizik. Baina ez zen izan inolako liskarrik; gurasoak, esaterako, hasieratik sartu ziren eskolako batzordean", dio Abasolok.

Sasoi hartan, irakasle asko kanpokoak ziren, apopilo zeudenak herrian: "Horietako bi, Antonio eta Mari, oso aurrerakoiak izan ziren eta lan handia egin zuten, ulertu zutelako eskolari buelta eman behar zitzaiola. Horiek erretiratzen jakin zuten". Eta hala, poliki-poliki aldaketari bidea zabaldu zitzaion. "Euskalduntze proiektua aurkeztu zen eta horrek lagundu zuen irakasle euskaldunak sartzen joatea", dio Abasolok.

Colegio Kurtzebarri izatetik Kurtzebarri eskolarako pausoa hiru bidetan egin zen. Batetik, zegoen 1979an D ereduan hasi zen talde hura; bestetik, Haur Hezkuntzan B eredua abian jartzea; eta hirugarrenik, A ereduan euskara asignatura moduan sartzea legeak lagunduta. "Hiru bat urtean lortu zen hori. Eta horren ondoren, beste mila proiektu etorri ziren, DBH lortzea, esaterako", azaldu du sasoi hartako lehen irakasleak. 

Hainbat guraso mahaiaren bueltan bazkaltzen.

Bizipen asko

Abasolok ondo gogoan du zelako konpromisoa eta inplikazioa zuten orduko gurasoek: "Amak zein aitak egon ziren konprometituak: batzuk eskola kontseiluan, beste batzuk eskulanak irakasten edo ortuko kontuak erakusten".

Hamaika pasadizo eta bizipen dituzte gordeta barru-barruan: "Neguan hotz handia, eta berogailua ez zebilen. Deitu eskolako gurasoei, eta etxetik ekarri zituzten. Baina guztiak piztuta mantentzeko argindarrik ez zegoen eta instalazio berria egin zen aste bukaeran bertan, kanpotik, kable berriak sartuta", dio Gutierrezek.

Urrutiak, ostera, eskulanak egitera joaten ziren amak ditu gogoan: "Bakoitzak zekiena aportatzen zuen. Pentsa, ama batzuk sekula buztinarekin ibili barik zeuden, baina segituan jartzen zituzten umeak lanean".

Irteerei bukaera ematen zieten guraso guztiek elkarrekin bazkalduta; bizipen asko konpartitzen zituzten orduan  harremanak are eta gehiago estutu

Irteerak egiten zituztenean jasotzen zuen laguntzarekin ere akordatzen da Abasolo: "Kozinatzera etortzen ziren, eta asko, ume gazteagoak aldean hartuta", eta Gutierrezek eta Urrutiak gaineratu dute: "Irteera horiei bukaera ematen genien guraso guztiek elkarrekin bazkalduta, eta hori oso polita zen, bizipen asko konpartitzen ziren orduan". Bi amak eskolan irakasle ere izan ziren. 1979an bertan hasi zen Urrutia A ereduan euskaraz irakasten eta 1993an Gutierrez; orain dela hamar urte erretiratu ziren biak.

Sasoi hartako bizipenak gogora ekartzeaz bat aurrera begiratu gura izan dute eta adi egoteko deia egin: "Kurtzebarri oso sustraituta egon arren egun, herriaren laguntza behar du. Edozein proiektu joan daiteke pikutara erakundeen eta herritarren konpromisoa ez badaude atzean".

Lehenengo irakaslearen bizipenak

Resu Abasolo: "Gurasoak oso inplikatuta zeuden eta haien indarra sekulakoa zen"

Irakasle Eskolako lehen promozioko irakaslea hilabete inguru da erretiratu dela.

Zergatik hautatu zenuen Kurtzebarri?

Nire herriko ikastetxea zelako. Erreparo handia ematen zidaten gurasoek, eta arduratzen ninduen eskolan bertan topatuko nuenak. Baina, batetik, erakundeek halako apustua egiteak eta, bestetik, gurasoek erakutsitako konfiantza izugarriak bultzatu ninduten erabakia hartzera.

Zelakoak izan ziren lehen urteak?

Lana egin genuen sendo. Gurasoak guztiz inplikatuta ikusi nituen eta haien indarra zen sekulakoa! Guraso guztiak ziren ezberdinak, baina bat egiten zuten proiektuarekin. Ikaragarria izan zen! Orduko indarrak ekarri nau gaur arte, erretiratu naizen arte.

Beste garai batzuk ziren?

Garai gogorrak izan ziren; espazio aldetik, esaterako, beti ibili gara justu. Bazkaltzen, Taberna Berrin hasi ginen baserrietako umeekin. Jatetxeko ugazaba Ferminekin hitzarmena egin genuen horretarako. Era berean, gurasoen konpromisoa handia izan zen eta elkarrekin lan egiteak indar handia sortu zuen, geraezina. Sekreturik ez dago. Zenbat eta elkartuago lan egin, orduan eta emaitza hobeak; lehen eta orain.

Gurasoei aitortza kantuan

Kurtzebarri eskolako neska-mutikoek abestia gertatu dute hasierako talde hartako gurasoei aitortza egiteko. 40 urte Kurtzebarrin euskaraz kantua ikasten jardun dute azken egunotan, eta abenduaren 4an Iturrigorri pilotalekuan eskainiko diete.

Umeen abesbatza, eguaztenean egindako entseguan.

Jaialdia abenduaren 4an

Udazkenari aio, neguari kaixo, euskaraz ez bada... ixoo! jaialdia Iturrigorri pilotalekuan, abenduaren 4an, 17:30ean.

Egitaraua:

  • • Adarrarekin deia jaiari hasiera emateko.
  • • Abesbatzaren emanaldia, 40 urte Kurtzebarrin euskaraz.
  • • Lekaixo saioa.
  • • Kantua, Lau teilatu abestia EITB maratoirako.
  • • Dantza saioak, Aho bizi eta Kurtzebarri eskolako dantzak.
  • • Talo tailerra seigarren mailakoek amandreen laguntzarekin.
  • • Jatekoa: mahaien inguruan gaztainak, buzkantzak, sagardoa…

Oharra: Gazta porrako dirua haurren minbiziaren kontrako egitasmora bideratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak