Zelan doaz lehen asteak?
Oso ondo, neurria hartzen lanari, eta oso gustura. Aurtengo urteak dagoeneko egin du eta hurrengoari begira jarrita gaude, horri buelta bat emateko helburuarekin.
Euskaraldia da Loramendik esku artean duen proiekturik garrantzitsuena une honetan?
Nazio mailan landu beharreko proiektu garrantzitsua bada Euskaraldia, eta guk gure alea jarriko dugu. Baina herri mailan beste lanketa asko daude egiteko, eta horiei heldu gurako genieke 2020an.
Herritarren artean badago lanerako gogoa?
Potentziala egon badago, baina mugiarazi egin behar dira herritarrak. Horretarako, formatu berriak sortu behar ditugu; hori da, behintzat, gure asmoa.
Herritarrak lo daudela esango zenuke?
Guztiok gaudela erdi lo uste dut; zelan iratzarri? Hor dago gakoa.
Aretxabaletan zelan ikusten duzu euskararen egoera?
Ondo ez, baina alde guztietako kontua dela esango nuke. Erabilera mailan egiten dugu huts, ezagutza handia bada ere.
Non jarri beharko litzateke fokua? Gazteengan, adibidez?
Adin tarte guztietan eragin behar dela uste dut. Umeek eta gazteek etxean jasotakoa errepikatzen dute. Gurasoek esan izan dute etxean euskaraz egiten dutela, baina kontua ez da hori bakarrik: zer kontsumitzen duten, irakurtzen duten edo ez… Beste makinatxo bat faktore dago.
Euskaraldiarekin bat egiteko urtea dator berriro; zer esan herritarrei?
Hausnartze urtea izaten dabil 2019a, iaz egindakoa gogoratzeko eta hurrengo urtekoari begira jartzeko. Indarrak hartu behar ditugu orain; hortaz, gosez etor daitezela esango nieke; izan ere, lan asko dago egiteko eta guztion beharra dago.
Hori girotzen joateko, abenduaren 3ko ekitaldia antolatu duzue.
Bai; ekitaldi apala izango da, baina ez dugu behar handikeriarik. Euskara ardatz hartuta egingo dugun ospakizun horrekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak, gonbidapen zabala da guztiendako.
Abenduaren 3ko ekitaldiak
Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak lotu ditu, astean, horretarako sortutako lantaldeak. Kalebarrenetik eta Portasol aldetik abiatuta kalejirak egingo dituzte eta ospakizun nagusia Herriko Plazan izango da; besteak beste, dantzariekin eta musikariekin.