Kolonbiako emakumeen egoeraren berri eman dute Combos elkarteko kideek

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 20a, 08:03

Medellin hirian sortutako Combos hezkuntza elkarteko fundatzaileak izan ziren atzo Aretxabaletan, emakumeek eta haurrek bizi duten egoeraren berri emateko. Setem gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta gerturatu ziren Arkupera eta jende asko ez bazen elkartu ere giro atseginean jardun zuten kontu-kontari.

Orain dela 26 urte sortu zuten Combos hezkuntza elkartea emakumeak eta umeak artatzeko: "Familiak badituzte ume horiek baina ordu asko pasatzen dituzte kalean eta handik aldentzea da helburua, kaleko indarkeria egoeretatik urruntzea hain zuzen ere", adierazi zuten elkartearen sortzaileek.

Kolonbian, eta bereziki Medellinen, bizi duten indarkeria egoeraren berri eman zuten: "Gerra bizi izan dugu, baina orain ere biolentzia handia dago. Izan ere, egoera ekonomikoari dagokionez muturreko egoerak bizi dira Medellinen, eta auzo pobreetan jarduera ekonomikoa kontrolatzen duten bandak daude, droga trafikoa...". Eta horren guztiaren erdian emakumeen egoera dela bereziki gogorra aipatu zuten: "Emakume gazteen artean egindako ikerketa batean jaso genuen ez direla inon seguru sentitzen, biolentzia sexuala kalean sufritzen dutelako baina etxean eta eskoletan ere bai askok".

Emakumea ardatz

Combos hezkuntza elkartearen bueltan 240 lagun inguruk egiten dute lan, eta haren helburuak dira besteak beste, emakume eta haurren eskubideen alde lan egitea, pobrezian bizi diren neska-mutikoei hezkuntza duina jasotzeko aukera ematea eta berdintasunaren aldeko politiken alde borrokatzea.

Azaroaren 25aren bueltako ekintzak

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldia izan zen hitzaldia. Horrez gain, honako beste hauek ere izango dira egunotan Atxabaltako Mugimendu Feministak eta Udalak antolatuta:

  • Azaroaren 21ean, eguena (19:00): Nerea Barjola idazleak Microfísica sexista del poder liburuaren gainean jardungo du (Arkupeko Zaraia aretoan).
  • Azaroaren 22an, egubakoitza (18:30): Gure arteko arrazakeria lantzeko tailerra saioa bideratuko du Luciana Alfarok (Arkupeko bigarren solairuan). Izena emateko azken eguna azaroaren 20a da; idatzi mezu bat honako helbidera: atxabaltakofeministak@gmail.com
  • Azaroaren 25ean, astelehena (19:00): Elkarretaratzea Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak