Indarkeria matxista salatzeko hainbat lanketa egunotan Aretxabaletan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 18a, 17:22

Martxoaren 8an egindako manifestazioa.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25ean, eta, horren bueltan, bi hitzaldi eta tailer bat izango dira egunotan Aretxabaletan. Horrekin batera, hilaren 25erako kontzentrazioa deitu dute Atxabaltako Mugimendu Feministako kideek.

Emakumeen kontrako indarkeria motak, gertakizunen kontakizun moduak, feminismoaren begirada zabaltzea... horien gainean hausnartzeko tartea hartuko dute saio hauetan. Hori horrela, antolatzaileek dei egin dute horietan parte hartzeko.

Indarkeria motak aztertuz

Azaroaren 19an, Indarkeria matxista Kolonbian izeneko hitzaldia izango da Arkupe kultura etxeko bigarren solairuan, 19:00etan. Pertsonen, herrien eta kulturen arteko harremanetan giza eskubide indibidualak eta kolektiboak lehenesten dituen Setem gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, Combos hezkuntza elkarteko kideak izango dira, Kolonbian bizi duten indarkeria matxistaren gainean argibideak emateko. "Ikuspuntu ezberdinak ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko saioa izango da. Hala, zenbait indarkeria mota identifikatu eta aztertuko dituzte. Aurretik, baina, bertara datozen hizlariek zein indarkeria jaso zituzten adieraziko dute…", adierazi du Garazi Artuñiedo Berdintasun teknikariak.

Barjolaren azalpenak eguenean

Bigarren hitzaldia, berriz, azaroaren 21ean, 19:00etan, izango da. Microfísica sexista del poder liburua idatzi du Nerea Barjolak eta horren gaineko azalpenak emango ditu Arkupeko Zaraia aretoan.

1992an ikusmin handia sortu zuen Alcasserko krimenari esanahi berria eman dio liburu honetan Barjolak, emakumeen bizitzarako garrantzi handia duen kontakizun politiko gisa aurkeztuz. "Nerea Barjolak bere liburuaren aurkezpena egingo du. Alcasserko hiru nesken hilketen inguruan komunikabideek egindako tratamendua baliatu du Barjolak sexu-izuari buruzko kontakizunak nola sortzen eta zabaltzen diren aztertzeko. Alcasserko hilketak gertatu zirenean zenbait komunikabidek emakumeen erruduntasunean oinarritu zuten errelatoa, eta horretaz jardungo du Barjolak, besteak beste".

'Gure arteko arrazakeria' tailerra

Azaroaren 22an, berriz, Atxabaltako Mugimendu Feministak antolatuta Gure arteko arrazakeria lantzeko tailerra izango da Arkupen, 18:00etan. Luciana Alfarok bideratuko du saioa, eta euskaraz eta gazteleraz izango da. Izena aurrez ematea komeni dela adierazi dute, antolatze lanak errazteko. Horretarako azken eguna azaroaren 20a izango da, eta parte hartzeko bidea atxabaltakofeministak@gmail.com da.

Atxabaltako Mugimendu Feministako kideek adierazi dute gai hori lantzeko beharra ikusi dutela Durangon egin diren jardunaldi feministen ondoren: "Horren gaineko kezka bagenuen, baina jardunaldien ostean areagotu egin da". Tailerra gidatuko duen Luziana Alfarok landuko duten gaiaren gaineko zertzelada batzuk ere eman ditu: "Feminismoaren gaineko begirada zabaltzea da asmoa. Eta horretarako, beste ikuspegi batzuk ezagutzera emango ditugu; gure kasuan, emakume migratzaileen egoerak. Generoan bakarrik ez gara geratuko, emakumeek bizi dituzten beste indarkeria egoera batzuetara joko dugu, bereziki arrazismoa ardatz hartuta".

Azaroaren 25ean elkarretaratzea

Horrekin batera, azaroaren 25ean, kontzentrazioa deitu dute Atxabaltako Mugimendu Feministako kideek. 19:00etan izango da, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak