Beste espetxe politika baten aldeko ekimena abian jartzeko deia

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 8a, 18:09
Sare Aretxabaletako kide Xabi Pagoaga, Josu Mendieta eta Txarli Garcia.

Sare Aretxabaletak agerraldi masibo eta zabala deitu du azaroaren 16rako, zapatua, mojetan (12:00). Giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako dinamika bat abiarazi gura dute, espetxe politika aldatzen hasteko aletxoak jar ditzaten herritarrek.

Aretxabaletan beste espetxe politika baten aldeko adostasun zabala dagoela uste dute Sare Aretxabaleta taldeko kideek, eta hori irudikatu gura dute azaroaren 16an. Horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte mojetan (12:00) egingo den agerraldira, eta han, dinamika iraunkor bat abian jarriko dute.

Garikoitz Garcia, Picassenten

Euskal Herrian "agertoki politikoa aldatu zenetik" urte asko pasatu direla diote, eta orain dagoen adostasuna praktikara emateko ordua dela iritzita egin dute deialdia: "Aktibazio sozialean oinarritutako dinamika bat abiarazi gura dugu. Aretxabaletan dauden sentsibilitate ezberdinak batu eta adostasuna irudikatzea da asmoa. Azaroaren 16koa hasierako mugarria izango da, dinamika iraunkor bat garatzeko gero; eta landuko da norbanako modura, norberaren esparrutik ekarpenak eginez. Gure txikitasunetik aletxoa jartzeko aukera izango dugu horrela, espetxe politika hau aldatzeko", adierazi dute Sare Aretxabaletako kideek, Xabi Pagoagak, Josu Mendietak eta Txarli Garciak.

Izan ere, espetxe politikaren gainean ez dela inolako aurrerapausorik eman uste dute, eta horren adibide dela Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaletarraren egoera. Picassenteko espetxean dago, Valentzian, Aretxabaletatik 600 kilometrora: "Horrek dakarrenarekin: diru galera, familiarendako bidaiak, arriskua errepidean, astebururo tentsioa…". Hala, presoa zein egoeratan dagoen jakinarazi dute: "Kondenaren erdia beteta izan arren, oraindik lehen graduan dago sailkatua, erregimen gogorrenean, nahiz eta legeak esan gradu hori aplikatu behar dela ezohiko egoera batean, zigor moduan, eta epe jakin batean. Lehenengo graduan egoteak esan gura du patio ordu gutxiago, ikasteko murrizketak, kirola egiteko zailtasunak…". Presoaren eta haren senideen giza eskubideak aldarrikatu gura dituzte.

Eskubide guztien errespetua

Giza eskubide guztiak errespetatzea da dinamikaren ardatza: "Guztion ardura da, eta gizarte modura dagokigu horren alde lan egitea", adierazi dute: "Biktima guztien errekonozimendua eta aitortza aldarrikatzen ditugu. Sufritu duten pertsona guztientzako justizia, erreparazioa eta aitortza eskatzen ditugu, eta hala adieraziko dugu mojetan egingo dugun agerraldian ere".

Iraganetik datozen sufrimenduak eta minak sendatzea da helburua, eta, hain zuzen, horregatik, espetxe politika errotik aldatu beharra dagoela uste dute, "sufrimendua eragiten duelako oraindik". Diote beste biktima batzuen kasuan badabiltzala lanketak egiten, baina beste hau "ataskatuta" geratu dela: "Ez da inori kritika; biak dira ezinbestekoak, eta zorionez, gerturatze ariketak egin direla ikusi dugu, baina presoen eremuan ez dugu inolako aldaketarik ikusi".

Elkarteekin hartu-emana

Herriko hainbat elkarterengana eta eragilerengana jo dute gonbidapenarekin; alderdi politikoengana, esaterako: "Baina norbanako moduan bat egitera gonbidatu ditugu. Ez elkarte edo alderdi baten ordezkari moduan, badakigulako sentsibilitate ezberdinak egon daitezkeela talde baten barruan. Ez dugu tentsiorik sortu gura, dinamika inklusibo bat abian jarri baizik. Horregatik, eskatzen dugun bakarra da deialdira agertzea, inguruan horren berri zabaltzea, eta irakurriko dugun manifestuarekin ados agertzea".

Era berean, argi utzi gura izan dute ez dela egun bateko kontua izango, luzera begirako dinamikaren abiapuntua baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak