407 led argi jarri dituzte argindarra aurrezteko

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 8a, 16:07

Aretxabaletako kaleko argien erdiak aldatuta egongo direla horrela jakinarazi dute udal ordezkariek, eta horren helburua da energia kontsumoa murriztea eta argiteria publikoa hobetzea; egindako aldaketokin argindarrean %76 aurrezteko asmoa dute.

Energia eraginkortasuna lortze aldera orain dela bi urte hasitako bidetik jarraitzen du Udalak, eta azken asteotan hainbat hobekuntza egiten dabiltza herriko kale argiztapenean. Sodio lurrinezko 407 argi puntu led teknologia duten argiekin ordezkatu dituzte.

Lanok egiteko dirulaguntza

Tecuni enpresa dabil argiak aldatzen herriko hamabi bat gunetan: Otalora kalea, hilerriko bidea, Santa Kurtz –bidegorria eta pilotalekua–, Basabe eta Bainuetxe poligonoak, Araba ibilbidea, Gipuzkoa plaza, Gernika plaza, Errekabarren kalea –baita erreka ondoko pasealekua ere–, Murubide, Bedarretako San Migel auzoa eta Loramendi kalea. Argiteria publikoa nabarmen hobetuko dela diote udal ordezkariek, eta energia kontsumoa %76,09 jaitsiko dela urtean, potentzia gutxiago behar duten argiak izanik; hain zuzen ere, 266.558 kW/h-tik 57.036 kW/h-ra pasatuko da. Era berean, elektrizitate-gastuan ere asko aurreztuko dela uste dute; batez beste, %76,09 inguru.

Lan horietarako, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundetik (IDAE) 215.148 euroko laguntza jaso du Udalak. Erakunde horrek hamar urteko interesik gabeko mailegua eskaintzen du, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bitartez. Dena den, aldaketekin lortuko den energia kontsumoaren eta elektrizitate gastuaren murrizketarekin, bost-sei urtean amortizatuta izatea aurreikusten dute.

Unai Elkoro alkatearen esanetan, badaude beste helburu batzuk ere: "Argiteriaren egoera hobetu gura dugu, herriko puntu beltzei irtenbidea ematea lehenetsiz, herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Ingurumenari eragindako kalteak murrizten ere lagunduko du".

63.000 euro aurreztu

Lanok hainbat fasetan dabil egiten Udala. Orain dela bi urte, 408 argi puntu hornitu zituzten led sistemarekin. Oraingo lanei eta 2017an egindakoei esker espero dute elektrizitate gastuetan urtean 63.000 euro inguru aurreztea. Herrian 1.570 argi puntu daude, eta, egindako aldaketen ondoren, %50ek led sistema izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak