Jarduera fisikoa sustatzen lau urtetik gora

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 21a, 17:44

Jokin Atxaga oñatiarra.

Atxabalta Mugi egitasmoaren ardura hartu berri du Jokin Atxaga oñatiarrak, eta hori indartzea du helburu; hainbat jarduera izaten direla kiroldegian gogorarazi du, eta haurren elikaduraren gaineko hitzaldia eta adinekoen erorikoen ikastaroa egingo dituzte.

Atxabalta Mugi egitasmoa 2016eko maiatzean jarri zuen abian Udalak, hainbat erakunderekin elkarlanean, eta, ordutik, ibilbide luzea egin du. Aurten, esaterako, 30 erabiltzaile berri gerturatu dira –%55 Osakidetzak bideratuta, eta horietatik %31, sedentarioak– eta lehenengo sei hilabeteetan 385 jarraipen egin dituzte –%69 emakumeak eta %31 gizonak–. Guztira, 180 erabiltzaile ditu Atxabalta Mugik gaur egun.

Athlonek du zerbitzu horren ardura, eta orain, Jokin Atxaga oñatiarra izango da horren buru. "Helburua da herritar ez aktibo izatetik aktibo izatera pasatzea, jarduera fisikoa sustatuta eta elikadura zainduta", adierazi du

Ikastaroak kiroldegian

Ibarra kiroldegian du aholkularitza bulegoa; astelehenetan (09:30-13:30) eta eguaztenetan (14:30-18:30) izaten da han Atxaga, eta txanda aurrez hartu beharra dago kiroldegian (943 03 98 42). "Jarduera fisikoaren gaineko inkesta egiten diegu eta gomendio batzuk eman. Ondoren, jarraipena egiten dugu, eta sei hilabete ingurura berriro baloratzen ditugu, aktibo izatera pasatu diren jakiteko".

Horretan laguntzeko ikastaro bi ematen dituzte kiroldegian: KOI, koordinazioa, oreka eta indarra oinarri dituena –astelehen eta eguaztenetan– eta yoga –martitzen eta eguenetan–. Atxabalta Mugiko edozein erabiltzailek jo dezake horietara –ez da kiroldegiko abonatua izan behar–.

Erabiltzaileen gehiengoa 50 urtetik gorakoa da, eta orain, nerabeen taldeari heldu gura diote. Herriko 4. DBHko ikasle guztiak kiroldegira gonbidatuko dituzte, jarduera ezberdinak ezagut ditzaten.

Elikaduraren gaineko hitzaldia

Era berean, trebakuntza saioak indartu gura dituzte. Martitzenean, hilaren 22an, (18:00) esaterako, haurren elikaduraren gaineko hitzaldia egingo du Andere Etxabe nutrizionistak; Ibarra kiroldegiko erabiltzaileei bideratua dago eta aurrez eman behar da izena bertan.

Hilaren 30ean, ostera, adinekoen erorikoen gaineko ikastaroa izango da (10:30); teoria eta praktika uztartuko dituzte. Aurrez eman behar da izena, eta azken eguna urriaren 28a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak