2020ko tasen eta zergen gaineko proposamenak aurkeztu dituzte EAJk eta EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 18a, 15:00
Kurtzebarri eskola gainean dauden eguzki plakak.

2020ko ordenantza fiskalak onartzeko osoko bilkura urriaren 23an egingo du udalbatzak (18:30). Aurretik, zein proposamen dituzten berri eman dute Udal gobernuak zein EH Bilduk.

Udal Gobernuaren proposamena da tasa eta zerga gehienak KPIa beste igotzea, %0,5. Hori aplikatuko diote besteak beste, ondasun higiezinen gaineko zergari, eraikin, instalakuntza eta obra txikien gainekoari eta ibilgailuenari. Salbuespenak izango dira zaborra eta ura. Zaborraren kasuan "zerbitzuaren kostuak estaldu" arte igoko dute, hau da, %5. Hortaz, onartuz gero, urtean 127 euro ordaindu beharko dute aretxabaletarrek –orain, 121,15 euro–. Uraren tasa, ostera, %2 garestituko da, Ur Kontsortzioak agindutako legez.

Eguzki plakak jartzeko laguntzak gura ditu EH Bilduk

Klima larrialdi egoera onartu zuen udalbatzak irailaren 11n: "Eta adierazpen horretan konpromiso irmo bat hartu zen adierazpenetik ekintzetara pasatzeko", diote EH Bilduko kideek. Hala, ordenantza fiskalak onartzear daudela jakinik, horren aldeko ekimena proposatu dute: ondasun higiezinen gaineko zergan (OHZ) ezarritako hobarien bitartez dirulaguntzak eskaintzea herritarrei eguzki plakak jartzeko.

"Aretxabaletak eguzkiaren energia lortzeko dituen aukerak aprobetxatu nahi ditugu, eta herritarrak gonbidatu haien teilatuetan plakak jartzera", adierazi dute. Hori errazteko, honako proposamen hau egin dute etxebizitzen kasuan: OHZren %50eko hobaria 30 urtetan, eta egiten den inbertsioaren %50 –1.500 euro, gehienez, deskontatuta–; hori lortzeko, gutxienez, 1 kW –elektrikoa– eta 4 metro koadro –termikoa– instalatu beharko dira.

Komunitateak ere hartu dituzte kontuan eta konektatuta dauden bizilagunei OHZren %50eko hobaria aplikatzea da proposamena, baita egiten den inbertsioaren %50: 5 kW baino gehiagoko instalazioetan 3.000 euro, gehienez, eta 1 kW eta 5 kW artekoetan, 1.500 euro.

Industriari dagokionez, ostera, OHZren %25eko hobaria izango lukete 30 urtetan, eta egiten den inbertsioaren %25 –3.000 euro, gehienez, deskontatuta–.

Proposamen hori eguaztenean, hilaren 23an, eztabaidatuko dute, osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak