Herria hobetzeko lanean, ekarpenak bideratzen

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 5a, 10:00
Aretxabaleta Lagunkoia taldeko hainbat kide elkartuta lanerako gertu. Argazkia: Aretxabaleta Lagunkoia.

Aretxabaleta Lagunkoia taldearen bueltan Basotxo erretiratuen elkarteko hainbat lagun dabiltza lanean. Herri atseginagoa lortze aldera alor ezberdinak aztertzen dituzte, eta gero, proposamenak egin erakundeei; orain arte egindako 50etik 30 onartu dizkiete.

Dagoeneko hainbat urte pasatu dira Aretxabaleta Lagunkoia ekimena abian jarri zutenetik Basotxo erretiratuen elkarteko kideek. Herriaren alor ezberdinak aztertzen dituzte nagusien ikuspegitik, eta gero, ideiak proposatzen dizkiete erakundeei: "Herriko gabeziak zuzentzeko ideiak dira batzuk; eta beste batzuk, hobekuntzak egiteko", dio taldekide Pedro Etxebarriak.

Lanerako prozesua ondo zehaztuta dute: hamabostean behin ordu eta erdiko bileretan elkartu; gaiaren gaineko diagnostikoa egin; ondorioak aurkeztu eta udal ordezkariekin –edo dagokion erakundekoekin– elkartu. Erakunde horrek ideia ontzat eman duen jakiten dute horrela, baita zelan bideratuko duten ere. Gero, jarraipena egiten diote adostutako horri guztiari. "Era berean, lantaldea osatzen dugun kide guztion parte-hartzea sustatzen da, elkarrekin hitz egiten ikas dezagun", dio Etxebarriak.

Onartutako 30 proposamen

Hainbat gai landu dituzte urteotan. Aire libreko guneei dagokienez, 50 proposamen egin dituzte eta horietatik 30 onartu dizkiete, bost atzera bota eta hamabost aztertzeko zain daude. "Onartutakoen artean daude: eserlekuen eredua zehaztea etorkizunari begira, bidegorrian komunak jartzea, Herriko Plazan arrapala egitea, uso kopurua murriztea, kiroldegirainoko bidegorria bukatzea ibai alboan eta pilotalekuan argiak eta irteerak jartzea".

GSR egoitzari dagokionez, hango koordinatzaile taldearekin dihardutela harremanetan aipatu du: "Hango funtzionamendua ondo ezagutzen dutenen iritzian oinarritutako gure proposamenak eman dizkiegu".

Animalien gaiari ere heldu diote; bereziki, txakurrak izan dituzte berbetarako gai: "Ez da gai samurra, baina elkarbizitza, segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko uste dugu arau eta irizpide batzuk ezartzea garrantzitsua dela, eta, noski, txakurren jabeei egunerokoan laguntzea".

Deba ibaia ere izan dute azterketarako gai eta eskualdeko Lagunkoia talde guztiek jardun dute elkarlanean: Antzuolako Landatxope, Bergarako San Joxepe, Eskoriatzako Olazar eta Basotxo. Guztira, 80 bat lagun elkartu dira. Kolektoreen eta araztaileen egoera aztertu dute, baita ibaiena ere, eta fokua jarri dute horien mantentze-lanetan eta garbitasunean. "Antzuolako eta Elgetako kolektoreak ez direla iristen araztailera esan digute eta oso garrantzitsua da hori konpontzea. Gainera, jakin dugu araztaileek ezin dutela ezer egin kremekin eta botikekin". Hori horrela, honako ibai hauek eskatu dituzte: "Garbiak eta naturalak; politak, itxura atsegina dutenak; arrantza egiteko modukoak; irisgarriak; eta aisialdirako gertatuak. Txosten hori udal ordezkariei helarazi diegu eta Mankomunitateari aurkeztuko diogu".

Ateak zabalik

Lantaldeko ateak zabal-zabalik dituztela adierazi du Etxebarriak, eta txostenak edonoren eskura daudela webgunean: Jubilatuakdebagoiena.com/basotxo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak