Pilota taldeak gogotsu hasi du denboraldia

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 20a, 16:39
Benjaminak eta infantilak Aritz Zugasti entrenatzailearekin.

Aretxabaleta kirol elkarteko pilota taldearen bueltan 60 gaztetxotik gora elkartu dira aurten eta dagoeneko hasita daude lanean; kadeteek eta gazteek Gipuzkoako txapelketa jokatzen dihardute eta errendimendukoek urrian hasiko dute txapelketa.

Denboraldia hasi berri da eta 66 gaztetxo inguru dabiltza pilota esku artean hartuta lanean Iturrigorri pilotalekuan, horietatik hiru neskak. Aritz Zugasti eta Unai Errasti dituzte gidari eta guztien buru, Juan Mari Errasti. "Ordutegiak zehaztea kosta zaigu, baina dagoeneko martxan gaude", dio hark.

Gipuzkoako txapelketa

Joan den egubakoitzean hasi zuten hiru bikotek Gipuzkoako pilota txapelketa eta hasiera gazi-gozoa izan zela adierazi du Juan Mari Errastik. Bigarren mailako kadeteek –Uribarren eta Uribetxebarria– irabazi egin zuten Intxurrekoen (Alegi) aurka, 22-10; lehen mailako kadeteek –Etxabe eta Lanzos– ere irabazi egin zuten Zazpitturrikoen (Amezketa) aurka, 22-10; eta lehen mailako gazteek –Igartua eta Lasa– galdu egin zuten, 4-22, Ilunpekoen kontra (Azpeitia). "Bikote indartsua da azpeitiarra, eta lehen partidua zen, gainera", dio Errastik.

Asteburu honetan, kanpoan jokatuko dituzte partiduak: Urretxun, Lazkaon eta Astigarragan, hurrenez hurren.

Kadeteak, gazteak eta hainbat infantil Unai Errasti entrenatzailearekin.

 

Errendimendukoen txapelketa

Urriaren 20an hasiko dute txapelketa errendimendukoek. Bigarren urteko alebinen artean sei mutikok hartuko dute parte, eta infantiletan zortzik, lau lehen mailakoak eta beste lau bigarrenekoak. "Gehiago balira hobeto baina… 2005ean jaiotakorik, adibidez, ez dugu", dio Errastik, eta gaineratu du txapelketak gogoko izaten dituztela: "Hain zuzen horregatik egubakoitzetan partiduak antolatzen ditut bertan, Iturrigorrin, euren artean joka dezaten. Gaztetxoenek ere, zuriz jantzita, gustura jarduten dute, entrenamenduak zerbaitetarako direla igartzen dutelako".

Senior mailan, ostera, pilotari bakarra dago: Aritz Zugasti. Bikoterik ezin osatuta eskuz banakako eta lau eta erdiko txapelketak jokatuko ditu.

Orduak sartu behar pilotalekuan

Pilotalekuan orduak sartu behar direla ondo jokatzeko nabarmendu du Errastik, "umetatik bada, hobeto", eta gogoratu du sasoi baten entrenatzaile barik jarduten zutela gazteek: "Pilotaleku zaharrean euren kontura jarduten zuten. Haiengana joaten nintzen ni eta han zebiltzanei galdetzen nien Debarroko Txapelketa edo Herri Artekoa jokatu gura zuten. Baiezkoa esaten zutenei lizentzia bideratzen nien. Hori bukatu zen kiroldegia eraiki zutenean, pilota desagertu egin zen kaletik, eta orduantxe hasi nintzen ni entrenatzaile lanetan". Kiroldegian jardun zuen lehenengo, eta gero, Iturrigorri pilotalekuan, orain dela 36 urte eraiki zutenetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak