Aretxabaletan girotutako nobela, idazten hastear

Maialen Santos 2019ko ira. 20a, 17:00
Marta Extramiana eta Aitor Antxia, Otalora zenaren etxe aurrean

Marta Extramiana idazle gasteiztarra Aretxabaletan izan da asteon, prestatzen ari den nobelarako herria eta bertako historia ezagutzen. XIX. mendean girotuta egongo da istorioa, eta Gasteizen hasi eta Aretxabaletan garatuko da trama nagusia.

1868. urteko Aretxabaletan girotutako detektibe-nobela idazteko asmoa du Extramianak datozen asteetan, eta misterioan oinarritutako liburua izango dela aurreratu du.

Istorioa paperera eraman aurretik, "buruan duena osatzeko" eta herriko historiari buruzko "ezagutzak zabaltzeko", Aretxabaletara egin du bisita, eta garai hartako herriari buruzko informazio eta xehetasunak bertatik bertara ezagutu ditu Arkupe kultura etxeko Aitor Antxia Leturia historian adituaren laguntzarekin.

Idazleak adierazi duenez, istorioa berak sortua izango da, fikziozkoa, baina istorioaren parte izango diren herriko eraikin eta pertsonaiak benetakoak izango dira.

Gasteizen hasi eta Aretxabaletan izango du jarraipena kontakizunak; garai hartan herrian kokatuta zegoen Otalorako bainuetxean, zehazki. Haren esanetan, "Aretxabaletan garatuko da istorioaren trama nagusia", baina gero, Gasteizera itzuliko dira protagonistak, eta, hain zuzen, han emango diote amaiera gorabeheraz jositako istorioari.

Istorioa

XIX. mendeko mediku ospetsu Geronimo Roure-ren eta bere familiaren istorioa kontatuko du nobelak. Umezaina eta familiako gurdizaina ere bidelagun izango dituzte, Extramianaren iritziz "paper garrantzitsua" jokatuko baitute rouretarren abenturan.

Familiaz lagunduta, bainuetxeko ur sulfurosoen, uretsaren, propietateak aztertzera etorriko da medikua Otalorako bainuetxera. Gasteizen sortutako arazoak konpontzetik urrun, arazo handiagoetan murgilduko dira protagonistak, gainera.

Aurreko nobelen ildotik

Marta Extramianak Aretxabaletara egindako bisitan azaldu duenez, oraindik ezin du izenburuari buruzko daturik eman, eta argitalpen-data ere ez dago argi.

Halere, aurretik idatziko bi nobelen "ildo berekoa" izango da eskuartean duen hau. Los archivos secretos del Ateneo: El caso de los amores proscritos eta Los archivos secretos del Ateneo: El caso de la patulea y un viaje a Paris dira aurretik egindako lanak, hurrenez hurren.

Otalorako bainuetxea

1866. urtean, ur sulfurosoak aurkitu zituen Bernabe Maria Otalora izeneko gizonak Aretxabaletan. Ur haiei probetxua atera asmoz, Otalora izeneko bainuetxea zabaldu zuen herrian. Gehienbat, nobleziakoek eta goi mailako aberatsek bisitatzen zuten bainuetxea, bertako urak, besteak beste, azaleko gaitzak eta afekzio gastrointestinalak osatzen zituelakoan.

Otalorako bainuetxea. Argazkia: Aretxabaletako Udal Argazki Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak