Portasol, jaiak eta gehiago

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 19a, 13:32
Portasolgo jaiak gertatzen jardun duen batzordeko kide batzuk.

Gaurtik domekara bitartean ospatuko dituzte auzoko jaiak. Bizilagunek osatutako talde batek jardun du horiek antolatzen eta herritar guztiak gonbidatu gura dituzte; erdigunetik kanpo dauden inguruetara gerturatzea merezi duela erakutsiko dute.

Iritsi dira, beste urte batez, Portasolgo jaiak, San Lorentzoren omenezkoak, gaur egun izena galduta badute ere. 50 urte baino gehiagoko tradizioa dute, nahiz eta gorabeherak izan eta urte batzuetan antolatu barik egon. Auzokideek hartu dute horien ardura aurten, tabernarien laguntzarekin, eta indartuta datoz.

Anduaga taberna alboan, kamioi txiki baten gainean musika taldetxo bat eta jendea inguruan dantzan geratu barik; batek baino gehiagok du hori gogoan. Geroago, Eguzki Alde elkartearen alboan kokatu zuten oholtza eta tabernatxo bat jarri ere bai, eta jendetza gerturatzen zen, Eskoriatzatik, Arrasatetik… Sasoi hartan, herriko hainbat kaletan ospatzen zituzten jaiak; Lausittan eta Kalebarrenen, besteak beste. Baina desagertzen joan ziren, batez ere, horiek antolatze lanetan jarduteko jende faltagatik. Portasolen ere urte batzuetan ez zituzten ospatu, baina, 1990aren bueltan, gazte talde batek hartu zuen ardura eta hamabi bat urtez lan handia egin ere bai.

Hamar urteko hutsunearen ostean, jaiok 2012an berreskuratu zituzten merkatariek eta ostalariek. "Iaz, desagertzear egon ziren berriro, eta orduan elkartu ginen hainbat bizilagun. Talde polita sortu dugu eta gogotsu gabiltza lanean aurten", adierazi du Iurgi Etxebarriak, eta gaineratu: "Auzotarrek erantzungo duten zalantzarik ez dugu; ea erdigunetik ere jendea gerturatzen den egubakoitzean ohi legez eta zapatuan ere bai". Antolatzaileek eskerrak eman gura dizkiote Udalari jaiok babestearren.

Etxeek gora, zerbitzuek behera

Araba ibilbidea da Portasol auzoaren bizkarrezurra, eta hori osatzera dator Loramendi kalea. Izena bera, Portasol, ez dago inon jasoa, baina herriaren hegoaldea batzen du; hain zuzen ere, han kokatutako bainuetxeetara XIX. mendean etortzen ziren madrildarrengatik jarritakoa da izen hori, Puerta del Sol-etik eratorria.

Ordutik hona, asko hazi da inguru hori guztia; etxe gehiago eta enpresendako eraikin berriak, besteak beste. Zerbitzuek, ostera, ez dute egin gora, eta gero eta merkatari gutxiago dago, batzuek itxi egin dituztelako ateak –Atai-k, adibidez– eta beste batzuek erdigunera lekualdatzea erabaki dutelako –Jon harategia azkena–. "Bertan jarraitzen duten dendei eskerrak eman behar dizkiegu, besteak beste, harategiari, supermerkatuari, arrandegiari, edadeko bizilagunendako oso garrantzitsuak direlako", dio Juani Fabianek.

Ostalaritzak, ostera, eutsi egin dio, baita asmatu ere tabernariek erdigunetik jendea eroaten: "Aste bukaeran mugimendu polita egoten da, afaltzera jende asko gerturatzen da eta", adierazi du Fabianek. Eguenetan antolatzen duten pintxo-poteak gora egin duela dio Eguzki tabernako Aitor Zabalak, eta jendetza elkartzen dela: "Gustura gaude izaten duen erantzunarekin".

Urteetan egin duten beste eskaeretako bat dirua ateratzeko kutxazaina da: "Banketxe guztiak daude erdigunean, zergatik ez jarri kutxazain bat hemen? Edadetuendako, baserrietatik jaisten direnendako eta edonorendako", dio Etxebarriak. Unai Elkoro alkateak adierazi du eskaera hori eginda dutela Udaletik, baina ez dagoela zereginik: "Bulegoak kentzen dihardute banketxeek eta diru fisikoa gutxitzera doa poliki-poliki; hortaz, guk lokala ere eskaini arren, ez dute horren aldeko apusturik egingo".

Hainbat kale berrituta

Azken hiru hilabeteotan kaleak konpontzen jardun dute; Araba ibilbidea –orain dela bi urte ere zati bat berritu zen–, Loramendi eta Bizkaia kalea izan dira konpondutakoak. Batetik, zebrabideak egokitu dituzte irisgarritasuna bermatze aldera, eta, bestetik, asfaltatu egin dira. "40 urte baino gehiagoan ez dute inolako konponketarik egin kaleetan, bazen ordua!", dio Arenaza altzari dendako Anton Diez Urmenetak. Alkateak ere onartu du hori: "Derrigorrez berritu behar ziren hainbat, zuloz beteta zeuden eta. Loramendiko biribilguneak, esaterako, bazuen berritu beharra; izan ere, autobus asko pasatzen dira hortik, eta, astunak izanik, hondoratu egiten dute zorua". Jaietarako lan guztiak bukatu dituzte, eta itxura dotorearekin egingo diete harrera auzotarrei zein kanpotik doazenei.

Auzotarren iritziak

Aitor Zabala (tabernaria): "Pintxo-poteak jende asko ekartzen du eguenetan"

"Azken urteetan asko hazi da eta bizitza duen auzunea da; era berean, ahaztuta egon da, Udaletik hasita. Azken hilabeteetako lanak direla-eta kaleak berritu egin dira, behintzat. Eguenetan egiten den pintxo-potera jende asko agertzen da; erdigunetik ere asko datoz. Gainerakoetan, andramaixetan, adibidez, erdigunean egiten da guztia eta ingurukook ahaztuta gaude. Horregatik, auzoko jaiei eutsi gura izan diegu; ahalegin handia egin da horretan. Lan handia egiten dabiltza aurten ere".

Anton Diez Urmeneta (merkataria): "Edukiontzien kokapena zaintzeko eskatuko nuke"

"40 urtetik gora daramatzat dendan, eta igartzen dut behera doala komertzioa; orokorra da, baina hemen are nabarmenagoa. Egia da pintxo-poteak jendea ekartzen duela, baina tabernetara. Nik eskatuko nioke Udalari kasu egiteko guri, adibidez, edukiontzien kokapenak zainduta, usaina sortzen delako eta lekuz kanpo utzitako poltsak agertu; aldatzeko eskaera egina dut baina… Dirua ateratzeko kutxazain bat ere aspaldi eskatu nuen, dendako txoko bat uzteko eskaintza ere egin nien, baina bai zera!".

Juani Fabian (bizilaguna): "Auzune lasaia da eta jende benetan atsegina bizi da"

"Hamalau bat urte daramatzat hemen, eta gustura bizi naiz. Oso auzune lasaia da, eta jende benetan jatorra eta atsegina dago. Hirigintzari dagokionez, kaleak utzita egon dira, baina azken hilabeteotan berritu egin dituzte eta elbarriendako egokitu; hortaz, eskerrak emateko moduan gaude. Zerbitzuek behera egin dute, baina ostalariak saiatu dira horri eusten eta jendea ekartzen. Bestetik, kosta egiten da auzorako ekimenak antolatzea. Laburbilduz, Portasolen oso gustura bizi gara!".

Jai egitaraua

Uztailak 19, egubakoitza

  • • 17:30 Buruhandiak eta erraldoiak, kaleetan.
  • • 18:00 Patata-tortilla txapelketa, Zaraiako aparkalekuan.
  • • 19:30 Txapelketako sari banaketa eta dastaketa. Shufle dantza urbanoen erakustaldia, Comp taldearen eskutik.
  • • 22:30 Zinema familiendako – Un puente hacia Terabithia–, Txarapeako eskaileren alboan.
  • • 22:30 Kontzertua: Bixentak eta The Tacata's. Eguzki Alde elkarte aurrean.

Uztailak 20, zapatua

  • • 11:30 VII. Atletismo txapelketa, 100 metro takarraran, Bizkaia kalean. Izen-ematea, aurretik.
  • • 12:00 Puzgarriak, euskaltegi aurrean.
  • • 13:00 Paella dastatzea, Eguzki tabernan.
  • • 14:30 Auzokoen bazkaria, autobus geltoki alboan.
  • • 16:00 Mus txapelketa, Eguzki Alde elkarteko arkupetan.
  • • 16:00 Margumission, BRGS Gorka, Azkena tabernan.
  • • 17:00 Umeendako jolasak, euskaltegi aurrean.
  • • 17:30 Kalejira auzoan, goitik beheraino.
  • • 18:30 Pintxo-potea auzoko tabernetan.
  • • 20:00 Sambamaña batukada, behetik goraino.
  • • 22:30 Maikel Night auzoko DJa Eguzki Alde elkartean aurrean.
  • • 23:00 Suzko erruberak kiroldegiko zelaian.

Uztailak 21, domeka

  • • 11:00 III. Feria, Bizkaia kalean (08:00etarako autoak kenduta).
  • • 12:00 Ur puzgarria Dorleta tabernaren atzealdean.
  • • 12:30 Emakumeentzat defentsa pertsonal ikastaroa Aikidoku kirol elkartearen eskutik, autobus geltokiko plazan (euriarekin, kiroldegian).
  • • 13:00 Paella txapelketa, Aretzeko aparkaleku aurrean.
  • • 17:00 Skate erakustaldia, skate pistan eta 4x4 erakustaldia zelaian.
  • • 18:00 Dantzaldia Basotxoren eskutik, Zaraiako aparkalekuan.
  • • 19:30 Auzoko nagusienari eta gazteenari omenaldia, Zaraiako aparkalekuan, eta zozketa.
  • • 20:00 Jaien amaiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak