Degurixara irteera, hango kontuak ezagutzera

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 12a, 17:10
Degurixa inguruak Gazteluko haitzetik.

Uztailaren 20an eta 21ean, Kurtzebarri inguruan dauden bazterrak eta bertako kontuak ezagutzera joango dira Loramendi elkarteko toponimia taldeko kideak; herritarrei zabaldu diete gonbidapena, eta interesatuek astelehenerako eman behar dute izena.

Loramendiko toponimia taldeko kideek hamaikagarren ibilaldia antolatu dute. Oraingoan, herritik urrundu eta mendi aldera jo dute: Degurixara, hain zuzen ere. Hango bazterrak eta kontuak hobeto ezagutzeko, bi eguneko irteera proposatu dute, gaua han pasatuta. "Jatorduak egiteko eta gaua pasatzeko, Urzabalgo txabola erabiliko dugu", adierazi dute taldeko kideek. 

Bi egunetarako egitaraua:

Uztailak 20 

  • 10:00 Irabango aparkalekutik (Urkulu) abiatu. 
  • 13:00 Urzabalgo txabolan bazkaria. 
  • 15:00 Ibilaldia, sei ordu ingurukoa. 
  • 21:30 Afaria Degurixan.

Uztailak 21 

  • 09:30 AMETekoek gidatutako ibilaldia. 
  • 14:30 Bazkaria eta itzulera.

Dena den, egun bakarrera agertu gura dutenak ere pozik hartuko dituztela jakinarazi dute. Plan baterako zein besterako, aurretik izena ematea eskatu dute; horretarako, mezu bat bidali behar da honako helbide honetara: euskara@loramendielkartea.eus. Astelehena, uztailaren 15a, da azken eguna. Izena emandakoekin bilera egingo dute martitzenean, hilaren 16an, guztia antolatzeko; udaletxe zaharrean izango da batzar hori, 19:00etan.

72 hektareako zelaia

Degurixa larre tokia da; hau da, animaliek bazkatzeko gune zabala. 900 metrotik gora dago kokatuta, eta mendi tontorrez inguratuta; besteak beste, alboan ditu Andarto (1.089 metro), Gazteluko haitza (1.027 metro), Aumategi (1.192 metro), Bizkarlatzako arroa (1.095 metro) Arlutz (1.147 metro) eta Aranguren (1.149 metro).

Eskoriatzako eta Aretxabaletako lurretan dago Degurixa, eta bien arteko mugak zatitzen badu ere, lurra partikularrena da.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako lurretan dago zelaia, eta, bien arteko mugak zatitzen badu ere, lurra partikularrena da. "Lursailaren 72 hektarea zortziren artean partekatzen den jabetzakoa da. Eta beste bi artzain bakoitza bere lursailaren jabe dira", jakinarazi dute Julen Abasolok eta Gorka Madinabeitiak, toponimia taldeko kideek. 

Txabola gehienak harkaitz mutur kontratan daudela eraikita diote, "babesagatik eta zelaiari ahal den gutxien hartzeagatik", eta inguru berezia dute alboan: ortua, txerritegia, eskorta, txakurtegia eta babesa. "Gaur egun, Degurixan gelditzen diren artzain profesionalak Muxibar eta Arangurengoak dira (Mitarte Garai); ardiak dauzkaten batzuk ere badaude. Dena den, ardiekin batera bertan bizi, esnea batu, gaztak egiten azkena Muxibarko Joxe Bixente Etxabe izan zen. 2018ko udaberria arte egon zen han".

Andarton dagoen hilarria.

Kobazuloen gaineko azalpenak

Ibilbidea, hain zuzen, txaboletan hasiko dute, eta baso eta tontorretatik zelaiari buelta osoa eman. Zapatuan, bazkalostean, izango da hori, eta sei bat ordu hartuko dituzte horretarako, lasai jardun ahal izateko kontukontari, toponimia taldeko Abasolo eta Madinabeitia gidari izanda. 

Zelaia polje bat da, arroka Arroka karstikoko guneetan izaten den sakonune itxi eta luzea.

Domekan, ostera, Oñatiko AMET espeleologia taldeko kideak izango dituzte lagun, eta zelaia polje bat dela jakinaraziko diete, baita horren gaineko argibideak eman ere: "Arroka karstikoko guneetan izaten den sakonune itxi eta luze bat da. 1.500 metro luze, 300 zabal eta 60 sakon omen ditu". Horrekin batera, han dauden kobazuloen gaineko kontuak izango dituzte berbetarako gai; izan ere, Degurixa Orkatzategi eta Kurtzebarri artean 368 daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak