Ordutegi aldaketa, udalekuetako berrikuntza

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 28a, 11:37

Aretxabaletako udalekuetan, haurrak begiraleari aurpegia margotzen.

Txatxilipurdi elkarteak koordinatuko dituen udaleku irekietan, 32 hezitzaile eta bi koordinatzaile izango dira, eta, guztira, 300 haur arituko dira uztailaren 1etik 19ra bitartean ondo pasatzen. Aurten, gainera, hainbat berrikuntza egin dituzte.

Uztailaren 1ean hasiko dituzte udaleku irekiak Aretxabaletako haurrek, eta uztailaren 19ko azken jaiarekin amaituko dira. Prestaketa lanak eginda, Txatxilipurdi elkarteak koordinatuko ditu aurtengoak, eta, Jone Ojea eta Jon Cano koordinatzaileen gidaritzapean, 32 hezitzaile izango dira egun horietan 300 haurrekin disfrutatzen, jolasten, ikasten eta lagun artean egun ederrak igarotzen.

Berrikuntzekin datoz udalekuak, eta adierazgarrienak ordu aldaketa eta Aretxabaletako natura lekuetara irteera hezitzaileak egitearen aldeko apustuak dira, besteak beste.

Ordutegi aldaketa

Astelehenetan, martitzenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan, goizez bakarrik elkartuko dira, 09:00etatik 13:00etara. Eta eguenetan, ekintza bereziak egingo dituzte, egun osoz, 09:00etatik 17:00ak bitartean. 4 urtekoek, udalekuetako gazteenek, aldiz, aurreko urteetako ordutegia izango dute: 10:00etatik 12:30era. 

Ordutegi aldaketa gurasoek egindako eskaerari erantzunez etorri dela jakinarazi du Jone Ojea koordinatzaileak: "Udalekuetan parte hartzeko adineko umeak bizi diren etxe guztietara gutun bat bidali genuen martxoan, ordutegiaren inguruko kontsulta egiteko. Bi aukera eskaini genizkien: goizez bakarrik egitea edo goizez eta arratsaldez, eta jasotako erantzunei jarraituz erabaki dugu ordutegia aldatzea".

Irteeren aldeko apustua

Eguenetan, 09:00etatik 17:00etara daudenez, irteerak egiteko aprobetxatuko dute, eta programaren barruan honako hauek antolatu dituztela adierazi du Ojeak: "Pagoetara, Langraitzeko igerilekuetara… joango gara; hala ere, ez gara joango denok leku beretara, banatu egingo gara taldeetan. Eguenez gain, asteko beste egunetan lau ordu ditugu goizez, eta, beraz, ondo aprobetxatzea da asmoa. Herriko txoko ezberdinetan aritzeaz batera, Aretxabaletako naturaguneak gehiago erabiltzea da aurtengo asmoa. Urkulu urtegira igoko gara zenbaitetan, Eskoriatzara ere joango gara goizpasa… besteak beste".

Irteera horiez gainera, hezitzaileak ere izango direla adierazi du Ojeak. "Haur Hezkuntzako txikienak Pagoetara joango dira egun batean, eta bertan, erleak ikus ahal izango dituzte, eztiaren gaineko kontuak ikasi, argizarizko kandelak nola egiten diren ikusi… Beste egun batean, Mendibitzu baserrira joango dira, baserriko lanak bertatik bertara ezagutzera, garaiko ortuko produktuen bueltan, eta animalien gainean ikasteko aukera izango dute… Txikienek, normalean, irteera gutxiago egiten dituzte, eta hori ere aldatu gura dugu aurten". 

Sanferminak, moldatuta

Egunerokoan, ekintza ugari izango dituzte herriko txoko ezberdinetan: batzuk berriak, beste batzuk urterokoak, eta berritasunekin datozenak ere izango dituzte. "Gaztekonkis txiki bat egingo dugu LH-2ko eta LH-3ko mailetakoekin; zaborraren kontzientzia hartzeko Urkulu garbitzeko ginkana bat egiteko asmoa dugu Lehen Hezkuntzako lehen mailakoekin; sanferminak, bestalde, egingo ditugu, baina moldaketa batzuekin egitea erabaki dugu aurten. Egingo ditugu, baina betiko formatua aldatuta; zezenak ez dira egongo, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak