Arbasoen jaioterria ezagutzera Mexikotik

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 26a, 18:27

Unai Elkoro alkatea eta Jorge Arechavaleta, udalbatza eraketa egunean.

Mexiko iparraldeko Monterrey herrian bizi da Jorge Arechavaleta, eta oraintsu, Aretxabaletan izan da bisitan. "Nire aitajauna ere etorri zen hona orain dela 30 urte; beste senide batzuk ere etorri izan dira. Eta neuk ere tradizioarekin jarraitu beharra nuen; horregatik etorri naiz ezagutzera", adierazi du

Zuzenbide ikasketak egiten dabil Arechavaleta, eta Madrilera etorri zen, sei hilabetez, ikasketa horiek osatzera, eta handik Aretxabaletara asteburu bat pasatzera: "Nire familiaren eta abizenaren jatorria ezagutu guran gerturatu naiz. Jakin dudanez, XIX. mende erdira arte bizi izan zen hemen nire arbasoren bat, orain dela 200 urte inguru arte". Senideek eskatu diote artxiboetan begiratzeko datu interesgarriren bat topatze aldera, eta gogo horrekin zegoen zapatuan. Domekan itzuli zen Madrilera eta handik Mexikora.

Herriko historia kontuetan aditu Aitor Antxia Leturiak dio sasoi batean herri izenak jartzen zizkietela abizen umezurtzei, eta gaur egun Arechavaleta abizena duenik ez dagoela herrian. 

Udalbatzaren eraketa ezagutu

Unai Elkoro alkateak egin zion harrera ekainaren 15ean, eta udaletxeko bazterrak eta inguruak erakusten jardun zuen: "Erdigunean eman genuen bueltatxo bat. Eta gero, batzokira gonbidatu nuen mokadutxo bat jatera". Zapatu horretan, gainera, datorren agintaldiko udalbatza eratu zen eta alkateak kargua hartu zuen. Ekitaldi hori bertatik bertara bizi izateko aukera izan zuen Arechavaletak: "Ez neukan, inondik inora, honen berri, eta kasualitate handia izan da. Izan ere, nik neuk Monterreyko Udal Gobernuan dihardut lanean eta neuri tokatu zitzaidan orain dela urtebete inguru hango udal eraketan parte hartzea. Hortaz, esandako moduan, kasualitate handia da hau bizi izatea. Eskertuta nago alkateari, geratzera gonbidatzeagatik". 

Hango ekitaldiak eta hemengoak ez dutela inolako antzik azaldu du: "Hemengoa askoz ere apalagoa da; eta nik uste dut hala izan behar duela. Gurean askoz ere show handiagoa dago: argiak, musika, suziriak… Hango eta hemengo agintariak elkartzen dira eta protokolo handiagoa dago. Udal baten helburua, azken baten, da herritarren zerbitzura lan egitea, eta, hori betez gero, zenbat eta apalago egin gauzak, hobeto". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak