Juan Mari Errasti: "Frontoian orduak sartu behar ditu pilotariak"

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 28a, 18:16

Juan Mari Errasti, Iturrigorri pilotalekuan.

Urte mordoa daramatza pilotaren bueltan lanean herrian, koordinatzaile zein entrenatzaile; oraingoz ez du ordezkorik topatu eta lanean jarraitzeko gertu dago.

Eskupilotaren bueltan ibili denak Aretxabaletan ondo ezagutzen du Errasti. Entrenatzaile lanetan urte askoan jardundakoa, berriro ekin dio.

Utzita izan dituzu pilota kontuak eta berriro itzuli zara, ala?

Guztiz utzita sekula ere ez, federazioarekin harremana nire esku egon da beti. Orain ere entrenatzaile ofizialak Unai Errasti eta Haritz Zugasti dira eta ni inguruan nabil.

Zu zeu pilotaria izan zinen?

Pilotarekin asko ibilitakoa bai. Goroetako elizpean asko jokatutakoa eta gero herrian ere bai. Eta zaletasun hori semeei transmititzen jakin zenuen… Oinez ikastearekin batera hasi ziren pilotan jokatzen; etxean gela batean jarduten zuten. Eta gero, egunero pilotalekura: goiz eta arratsalde, zapatu eta domeka.

Zelako ibilbidea izan du pilotak Aretxabaletan?

Beti egon da zaletasuna, eta sasoi onak izan ditu, baita okerragoak ere. Txapelketa guztietan egoten saiatu gara beti, baina orain kontua aldatuta dago. Debarroko txapelketa, esaterako, Aretxabaletan bertan sortu zen eta bakarrik hementxe jokatzen zen lehen urteetan. Pilotaleku zaharrean izaten ziren partiduak eta gero, Burgalesenean bazkaldu. Debarroko txapelketaren memorian dakar 1948an sortu zela; urte hartan Aretxabaletako Elortondok eta Ezpeletak jokatu zuten Arrasateko Garitanoren eta Uribarrenen aurka, eta azken horiek irabazi zuten. Hurrengo urtean berriro ere finalean ziren aretxabaletarrak, eta orduan, Soraluzeren aurka jokatu zuten, baita irabazi ere.

Ordutik aldatu egin dira kontuak?

Bai, bai. Lehen lau talde osatzen ziren herri bakoitzean, baina pilotari kopuruak behera egin du herri guztietan, eta ondorioz, herri batzuek ezin izan dute parte hartu aurten, adibidez, Elgoibarrek, Antzuolak eta Arrasatek.

Asko jaitsi da pilotari kopurua, ala?

Pentsa, Leintz Gatzagatik Debara bitartean bost kadete bikotek bakarrik hartu dute parte, jubenilak lau izan dira, eta seniorretan gehixeago. Hain zuzen nagusiak izan ohi dira kopuru handiena, baina hori ere jaisten hasita dago. Arrasate moduko elkarte bat ez aurkeztu izana ez Debarrokoan, ez herri arteko txapelketan…

Aretxabaletan antzekoa da egoera?

Aurten mutiko asko izan ditugu, 60 inguruan ibili dira. Kantitatetik kalitatea ateratzen bada ez gabiltza gaizki. Baina neska gutxi… Bi bakarrik. Oñatin eta Antzuolan badabiltza, baina hemen…

Denboraldi polita izan da, edo?

Joan den egubakoitzean Txaber Etxabek garaipen bat lortu zuen eta horrek, egia esan, bete egin gaitu. Urtarril inguruan hasi zen entrenatzen Etxabe, eta pentsa, askok egin ez dutena egin du honek hilabete gutxian. Denbora izango da testigu baina zerbait badu mutiko honek…

Herri artekoan ere egon zarete…

Bai, taldea osatu ahal izan dugun guztietan egon gara, baina 2003tik ez genuen parte hartzen; aurten, 16 urte ostean, berriro lortu dugu. Ez dugu ezer egin txapelketan, baina aurkeztu beharra dago, beti. Partiduen ondoren afaria egoten da, beste pilotari batzuekin hartu-emana… Hori ere garrantzitsua da.

Pilotari on bat sortzeko zer behar da?

Gogoa; zaletasuna egon badago, baina… Nik uste 6 bat urterekin hasi beharra dagoela pilotan, beranduago hasita gehiago kostatzen da ikastea. Zaletasun handia behar da eta ordu asko sartu pilotalekuan, bestela ez dago ezer egiterik.

Eta pilotari handiren bat badator harrobitik?

Ezetz ez noa esatera, itxaropena beti dago; itxoin egin behar zaie batzuei. Nire semeak, esaterako, txikiak ziren eta indar gutxikoak, eta guztiek irabazten zieten. Baina jarraitu egin zuten. Eta jubenilen bigarren urtetik aurrera –gorputza apur bat egindakoan– hasi ziren irabazten. Orain 14 eta 15 urte dituzten batzuekin badut itxaropena, ikusiko da aurrerago.

Pilota asko jarraitzen duzu?

Telebista bidez bai. Lehen pilotalekuetara ere asko joaten nintzen, Bergarara, adibidez. Ez dakit zergatik kendu zituzten handik partiduak, Debagoienerako garrantzitsua izango litzateke zaletasuna sortze aldera.

Lanean jarraitzeko asmoarekin?

Bai, ezinen bat ez badator behintzat; utziz gero, ardura honekin ez ote duen inork jarraituko beldur naiz. Nik txanda emango nioke baten bati, eta ni, inguruan izan laguntzen, baina oraingoz ez dut ikusten inor gertu horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak