Sua, dantzak eta tantaia protagonista San Juan bezperan

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 22a, 14:16

Udako solstizioari ongietorria egiteko ohitura zaharrak gogora ekarriko dituzte, beste behin, domekan, ekainaren 23an, Kultura Sailari esker. 

Plaza dantzarekin emango diote hasiera ospakizun egunari (18:00). Leizarra musika eskolakoek dantzan egiteko gonbidapena egingo diete dantzariei, ikasleen gurasoei zein herritarrei. Jarraian, erraldoiak eta buruhandiak kalejiran joango dira, txistularien laguntzarekin. Eta gauean (21:00), Alaiki taldeak girotuko ditu Herriko Plaza inguruak.

2001ean jaiotako kintoak

San Juan suaren bueltako ekitaldiak dantzariek abiatuko dituzte. Mitarte kaletik irtengo dira (22:20) horiek, txistulariekin batera kalejiran, eta Herriko Plazara iritsitakoan sanjuanetako zortzikoa egingo dute dantzan. Bukatutakoan isiotuko dute sua, baita kantuan egin ere herritarrek. 

Ondoren, 2001ean jaiotako kintoek, 60 neska-mutilek baino gehiagok, Durana kalera eroanda izango duten tantaia altxatuko dute.

Irak atarietan

Astelehenean, San Juan eguna, herriko atari guztietan irak izango dituzte herritarrek. Izan ere, aurten ere lanean jardungo du taldetxo batek gau guztian, ohitura hori gal ez dadin.

Protagonistak

Mikel Arce (Dantza irakaslea)

"Aretxabaletan ohitura denez, sanjuanetako zortzikoa egingo dute dantzan 24 bat dantzarik, eta horren ondoren, Xabi Solano musikariaren koreografia bat. Ohiko zortziko bat da, baina pauso batzuk egun horretan bakarrik egiten dira. Behin dantzak bukatutakoan, sua isiotuko dute".

Jesus Mari Herrasti (Boluntarioa)

"Aurten ere jarriko ditugu irak etxe atarietan, eta gurutzeak hainbat ateburutan. Seguru asko, egunean bertan jasoko ditugu ira horiek Leizabal baserri inguruko pinudian, eta gauerdiaren ostean hasiko gara banatzen. Azken urteotan, taldetxoa osatu da eta lana bizkorrago egingo dugu".

 

Josu Aizpurua (Kintoa)


"Tantaia aukeratzera zapatu goizean joango gara, eta domeka eguerdirako ekarriko dugu herrira. Hamabi metro baino gehiago ezin duela izan esan digute, eta enborrak 100 zentimetro baino gutxiago. Altxatutakoan, gazta, ogia eta ardoa eskainiko ditugu; Udalak emango dizkigu horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak