Euren ekarpena egitera doaz Lesbosera Maria eta Nuria Agirre ahizpak

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 24a, 08:33

Maria eta Nuria Agirre ahizpa aretxabaletarrak Lesbosera joango dira gaur, astebetez euren ekarpena egitera. "Uste dugu errefuxiatuentzat garrantzitsua dela ikustea jendeak ez dituela ahaztu, eta laguntzeko prest gaudela", azaldu dute.

Zer dela eta erabaki duzue Lesbosera joatea?

Zaporeak proiektua Lesbosen egiten ari den lana beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta gure aletxoa jartzea erabaki dugu. Uste dugu errefuxiatuentzat garrantzitsua dela jendeak ez dituela ahaztu, eta laguntzeko prest gaudela ikustea. Normalean boluntarioak 3 asterako joaten dira Lesbosera, baina guk astebeteko tartea dugu, eta Zaporeaken sukaldean 5 egunez egingo dugu lan. Zaporeak proiektuko arduradunekin harremanetan jarri, eta ondo iruditu zitzaien astebetez joatea. Datorren astelehenean goaz, eta igandean bueltatuko gara.

Zein izango da zuen zeregina?

Zaporeaken sukaldera goaz, beste boluntario batzuekin batera lanera. Goizeko 11etan hasi eta iluntzera arte sukaldean arituko gara, agintzen digutena egiten. 1.500 jatordu prestatu behar dira, horietatik 200 kalean bizi eta sistematik kanpo geratu diren migratzaileei banatuko zaizkie, eta gainontzeko 1.300ak Moriako errefuxiatu kanpalekuan bizi diren haur eta emakumeei. Batzuetan gu geu joango gara janaria eskura ematera. Zaporeko arduradunek esan diguten moduan, une hori garrantzitsua eta zaindu beharrekoa da. Begietara begiratuta, eta eskura banan-banan eman behar zaie jatordua. Hau da, banaketan ikus dezatela badagoela jendea haiei laguntzeko prest, eta agian egunen batean haiek guri lagundu beharko digutela.

Zer aurkituko duzue han?

Moriako kanpalekuan bizi diren familiak asilo eskaerarekin zer gertatuko den zain daude. Batzuk, siriarrak dira baina gehienak Afganistangoak eta azkenaldian Afrikatik joandakoak ere bai, Eritreatik eta. Euren egoera ez da erraza, errefuxiatu gisa ez baitituzte onartzen eta batzuetan jaioterrira deportatzen dituzte. Haientzat Lesbosekoa behin behineko egonaldia da, baina gehienetan asko luzatzen da eta gogorra egiten zaie nola bukatuko den ez baitakite.

Mentalki prestatuta zoazte?

Gure ustez zertara goazen garbi edukitzea garrantzitsua da, eta gu sukaldera lanera goaz, horretara mugatuko gara. Sukaldean ordu mordoa pasako ditugu. Moriako kanpalekuan bizi direnek egoki jatea garrantzitsua da, eta guk laguntza hori emango diegu. Gero, janaria banatzerakoan suposatzen dut denetarik ikusiko dugula, baina umeen alaitasuna ere ez dela faltako.

Aurrez horrelako esperientziarik izan duzue?

Bai, Bosniako gerra gertatu zenean, biok izan ginen laguntzen. (Maria) Bosniara joan nintzen, eta bi hilabete eta erdiz egon nintzen bertan hainbat errefuxiatu kanpalekutan laguntzen. (Nuria) berriz, Eskoriatzatik laguntzen. Biatoristen komentua zenean errefuxiatuentzat tokia egokitu genuen, eta bi urtez era guztiko laguntza eskaini genien. Gaur egun oraindik ere harreman estua dut haietako familia batzuekin. Uste dugu, orduan bizi izandakoak lagunduko digula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak