Edadekoen mahaia osatu dute Pili Leanizbarrutiak, ordezkari nagusienak, eta Ione Ojeak, udalbatzako gazteenak. Zinegotzi izateko aurkeztu direnen egiaztagiriak jaso dituzte bi horiek, hamabirenak. Izan ere, EAJko Alex Seiler falta izan da bilkuran. EAJko ordezkari gehienek legeak hala behartuta formula erabili dute zin egiteko. EH Bildukoek, ostera, norberak hautatutako esaldia erabili dute, “herritarren erabakiari erantzunez esanda eman dute hitza gehienek eta Aretxabaleta hobe baten alde lan egiteko” gaineratuz.
Ondoren, alkatetzarako hautagaia aurkeztu dute; EAJko Unai Elkoro. Izan ere, EH Bilduko Ion Albizuk ez du bere burua aurkeztu. Bozketa eginda, jeltzaleen sei boto jaso ditu Elkorok. EH Bilduko seiak, abstenitu egin dira.
Edadeko Mahaia osatu duten bi kideek eman diote alkate makila Elkorori eta bigarrenez hartu du alkatetza kargua honek. Osoko bilkuren aretoan elkartu diren senideek eta herritarrek txalo zaparrada eskaini diote. Pozik eta lasai agertu da Elkoro eta azken agintaldian alboan izan dituen taldekideekin akordatu da bereziki, eskerrak eman gura izan dizkie horiei.
EH Bilduko zerrendaburu izan den Ion Albizurentzat ere bigarren ekitaldia izan da. Lasai bizi izan duela adierazi du.
Lagun giroa izan da osoko bilkuren aretoan, bai zinegotzi izendatu berrien artean bai osoko bilkuren aretora gerturatutakoen artean. Hala eman diote hasiera agintaldi berriari.
Kargua hartu berri duen alkateak onartu du dagoeneko lanean hasita daudela eta agintaldi polita izango dela aurreikusi du.