Orain dela lau urte Arkupen egin bazen ere bilkura hori, aurten udaletxean elkartuko dira kargua hartuko duten guztiak; EAJko kideak izango dira: Unai Elkoro, Karmele Uribarri, Xabier Otxoa, Ainhoa Cabero, Koldo Zubillaga, Alex Seiler eta Pili Leanizbarrutia. Eta EH Bildukoak: Ion Albizu, Jasone Garcia-Etxabe, Mikel Uribeetxebarria, Ione Ojea, Gorka Gabilondo eta Irati Pagoaga. Horien artetik bat ez da izango ekitaldian, Alex Seiler, hain zuzen ere, aurrez hitzartutako bidaia bat dela-eta Alemanian egon beharra duelako.
Edadeko Mahaia osatuko dute, lehenengo; nagusienak, Pili Leanizbarrutiak, eta gazteenak, Ione Ojeak, gidatuko dute; zinegotzi kargua hartuko dutenei Hauteskunde Batzordetik bidalitako egiaztagiriak eskatuko dizkiete, horiek ziurtatzen dutelako zinegotzi izan daitezkeela. Behin hori eginda, kargua hartuko dute banan-banan; horretarako zein esaldi erabiliko duten ez dutela pentsatuta adierazi dute bai EAJkoek, bai EH Bildukoek.
Ondoren, alkate aukeraketari ekingo diote. EAJk Unai Elkoro aurkeztuko du horretarako. EH Bilduk, ostera, ez du izenik emango: "Ez dut nire burua aurkeztuko alkatetzarako eta abstenitu egingo gara Unai Elkororen aukeraketa unean", adierazi du Ion Albizuk. Bigarren agintaldiari ekingo diote orduan: "Lehenengo alkate izendapena berezia izan zen; eta bigarrena, ilusioarekin, baina ezberdin biziko dut", dio Elkorok, eta gaineratu du: "Orain dela lau urte inork ez zidan eman alkate-makila eta oraingoan neuk eroango dut bilkurara, erretraturako bakarrik bada ere".
Albizuk lasai hartuko duela ekitaldia adierazi du: "Akordatuko naiz azken lau urteotan zinegotzi izan diren guztiekin, Oihane Etxebarria eta Hector Prieto zenarekin, bereziki", eta gaineratu du: "Ilusio berezia egiten dit bigarren honek; agintaldi honetako esperientziarekin beste begirada bat ematen dit hurrengo lau urterako lanari ekiteko".
Harremanetan jarrita
Bi alderdi bakarrik izango dira hurrengo lau urtetan Udalean. Elkorok ez dio aparteko garrantzirik eman horri: "Ikusiko da zelan doan agintaldia. Gure asmoa da orain arteko lan dinamikarekin jarraitzea eta bi alderdiak egotea Gobernu Batzordean". Albizurentzat, ostera, ez da aberasgarria bi alderdi bakarrik egotea: "Azken honetan lau egon gara, eta horrek beste dinamika bat ematen dio. Dena den, gakoa dago kudeaketa ereduan. EAJk gehiengo absolutuarekin jardun du azken agintaldian ere PSE-EEren doako botoarekin, askotan esan dugun moduan; hortaz, praktikan ez da askorik aldatuko".
Bi alderdien arteko hartu-emana egon dela onartu dute biek ala biek. EAJk proposamen bat egin dio EH Bilduri eta bilera bat izan dute horren bueltan. "Hilabeteko epea dugu erabakiak hartzeko. Ikusiko da zelan doan agintaldia, eta oposizioak zein bide hartzen duen", dio Elkorok, eta Albizuk adierazi du: "Ez dakit zein emaitza emango duen, baina bagabiltza lanean. Elkarren arteko lankidetza bultzatu izan dugu beti eta honetan ere horrela izango da".