Plastikoa "zentzuz" erabiltzeko lanean hasi da herritar taldetxo bat

Mirari Altube Arrese 2019ko eka. 4a, 11:41

Ekainaren 3tik 9ra bitartean plastikoaren aurkako borrokaren astea deitu dute Zero Waste izenarekin; bihar, ekainak 5, gainera, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da. Horri helduta, eta plastikoaren gehiegizko erabilerarekin kezkatuta, lanean hasi da aretxabaletar talde bat.

Hainbat herritar elkartu dira plastikoaren bueltan hausnartzeko eta gaiari adarretatik heltzeko Aretxabaletan: "Ezin dugu gehiago itxaron, bukatu da zain egotea; izan ere, kontu honek ez du atzera bueltarik", diote. Dagoeneko hamalau bat lagunek egin dute bat borroka horrekin, eta ateak zabalik dituzte gainerako herritarrendako. Horretarako, helbide elektroniko bat zehaztu dute: plastikoaburuan@gmail.com. Datozen egunetarako hainbat ekintza iragarri dituzte, baina argi dute talde iraunkorra izango dela eta lana ez dela aste honetan bukatuko.

Plastiko bilketa eta dokumentala 

"Herritarrak kontzientziatu gura ditugu eta alternatibak sustatu", adierazi dute taldeko kideek. Horretarako, bihar, eguaztena, pintxo-potea dela jakinik, plastiko bilketa egingo dute kalean; Herriko Plazan hasi eta Mitarte kale bukaeraraino joango dira (euria bada bertan behera utziko dute). "Zenbat plastiko erabiltzen eta botatzen dugun ikusarazi gura dugu".

Kontzientziatze lan hori indartzeko Océanos de plástico dokumentala emango dute egunotan: egubakoitzean, hilaren 7an, udaletxe zaharrean (18:30), eta hilaren 12an, eguaztenean, Basotxon (17:00). Ikastetxeetan ere landuko dute gaia eta Arizmendiko Almen guneko hainbat ikasle zaborra jasotzera etorriko dira.

Plastikozko botilen tapoiak jasotzeko ontziak jarriko dituztela hainbat gunetan iragarri dute baina oraindik ez dituzte zehaztu gune horiek.

Era berean, gertu agertu dira merkataritza guneetan plastikoaren gaineko argibideak emateko eta horrendako alternatibak sustatzeko.

Lau ildo zehaztuta

Taldea oraintxe sortu da, eta eratze prozesuan egon arren, lau ildo zehaztu dituzte kideek: "Plastikoa zentzuz erabiltzera bultzatu; horren alternatiba izango direnak topatu; norberaren ekintza txikiek ondorio globalak dituztela zabaldu; eta abian jarritako hau ez dela beste saiakera bat, behin behikoa baizik ikusarazi". Herritarrekin, komertzioekin eta ikastetxeekin lanean hasteaz gain Udalarekin eta Debagoieneko Mankomunitatearekin ere harremanetan jartzeko asmoa iragarri dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak