Kirola gertutik bizitzeko egunak

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 31a, 12:03

Kirolez busti aste bukaera antolatu du UDAk, beste behin; gaurtik domeka eguerdira bitartean, kirol mordoa ezagutzeko eta egiteko aukera eskainiko diete herritarrei; besteak beste, gimnasia erritmikoa, boulderra, pilota, zumba, dokea eta trialsina.

Kirol ezberdinak gertutik ezagutzera atera gura ditu herritarrak kalera Aretxabaleta kirol elkarteak hiru egunotan. Eta, horretarako, egitarau dotorea gertatu dute, seigarrenez, Aretxabaleta kirolez busti jaialdiaren baitan. Parte hartuko duten taldeen artean honako hauek daude: Arizmendi kirol elkartea, Arlutz xake taldea, Debagoieneko eskalatzaileak, Oztopo trialsin taldea, Ointxe! saskibaloi elkartea eta Dorletako Ama txirrindulari elkartea.

"Gero eta ekintza gehiago antolatzen ditugu, urtetik urtera indar handiagoa hartzen dabilen ekimena izanik UDAren festa erraldoi bihurtu da", dio elkarteko presidente Agurtzane Elkorok: "Edonorendako kirola eta kirol librea sustatu gura dugu, herri guztia mugimenduan jarri".

Kantu boulderra da berrikuntza

Kantu boulderra da aurtengo nobedadeetako bat. Hilabeteko azken egubakoitzetan kantuan jarduten duen Kantu Poteoko taldeak eta herriko eskalatzaileek bat egingo dute gaur iluntzean herria girotzeko. Txokorik txoko eta hormarik horma joango dira kantuan eta eskalatzen, eta probatu gura duen edonori egingo diote lekua.

Horrez gain, gaur, patinete lasterketak izango dira, urtero lez, Durana kalean, eta gimnasia erritmikoa eta xakea gertutik ezagutzeko aukera plazan.

Elite mailako pilotariak

Pilota partidu dotoreak ikusteko aukera izango da zapatu goizean. Lehenengo, herriko pilotariek jardungo dute nor baino nor gehiago; aurten, gainera, herri arteko txapelketan parte hartu berri dute, eta indartsu daude. Ondoren, elite mailakoen txanda izango da; Master Cup txapelketan jardun duten goi mailako pilotariak gerturatuko dira. Eskuz binaka arituko da Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga bikotea Olatz Arrizabalaga eta Oihana Orbegozoren aurka; eta ondoren, palarekin, Amaia Irazustabarrena eta Maddi Mendizabal, Irati Otaegi eta Itxaso Erasoren aurka. "Guztiak ere pilotari handiak dira, txapelketa garrantzitsuetan ibili direnak emaitza bikainekin. Partidu politak eskainiko dituzte; hortaz, gerturatu pilotalekura". 

Txirrindularitza Araba ibilbidean

Txirrindularitza ezagutzera emateko, ostera, Dorletako Ama elkarteko kideak izango dituzte lagun. Benjaminen, alebinen eta infantilen lasterketak daude zapatuan (16:00), Araba ibilbidean, eta, hori aprobetxatuta, neska-mutiko guztiei zabaldu dizkiete ateak. Hala, benjaminen mailako –7 eta 10 urte– edonork izango du parte hartzeko aukera; baldintza bakarra da bizikleta eta kaskoa norberak eroatea. "Gainera, guztiendako izango ditugu dominak!", dio Elkorok.

Hiruko saskibaloi txapelketa ere izango da, Arlutzeko kantxan, eta Mitarte kalea puzgarriz beteko dute gaztetxoenendako.

Domekan Ibarra futbol zelaian

Domekako ekintza guztiak futbol zelaian egingo dituzte, eta Eskua Proiektua jaia izena jarri diote; futbolaren inguruko jaialdia izango da. "Gurasoekin jokoak izango ditugu, eta bukatutakoan zumba erakustaldia. Hori guztia borobilduko dugu paella janda. 250 lagunendako gertatuko dute, eta gehiagorendako ezin, paella egiteko ontzi handiagorik ez dugulako!", adierazi du Elkorok.

Egitaraua

Maiatzak 31

• 17:00 Patinete lasterketak Durana kalean.

• 17:30 Gimnasia erritmikoa Herriko Plazan.

• 18:00 Xakea Herriko Plazan.

• 19:30 Kantu boulderra.

Ekainak 1

• 09:00 Herriko pilotarien partiduak, pilotalekuan.

• 10:00 Doke txapelketa.

• 11:00 Trialsin erakustaldia, pilotaleku alboko kantxan.

• 11:30 Elite mailako pilota partidua, pilotalekuan.

• 12:30 Elite mailako pala partidua, pilotalekuan.

• 16:00-19:30 Puzgarriak Mitarte kalean.

• 17:00 Hiruko saskibaloi txapelketa Arlutzeko kantxan.

Ekainak 2 (Ibarra futbol zelaian)

• 10:00 Eskua Proiektua jaia.

• 13:00 Gurasoekin jokoak.

• 13:30 Zumba erakustaldia.

• 14:00 Paella dastatzea (platerkada 2 euro)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak